mundua

Errefuxiatuen eta immigranteen giza eskubideak "gobernu gehiegik" urratzen dituztela salatu du AIk

Giza eskubideen kontrako gehiegikeriak egiten dituzte migrazioa kontrolatzearren, eta ihesi doazenak babesik gabe daude, Amnesty Internationalek 2013ko txostenean ondorioztatu duenez. Hainbat herritako gobernuei ez ezik, Nazio Batuen Erakundeari eta Europako Batasunari ere kargu hartzen die beren jokaeragatik. AIk ateratako bideoetako bat. [YouTube]http://youtu.be/xRHySLPLH_Q[/YouTube]

2013ko maiatzaren 23a
19:08
Entzun

Mundua gero eta arriskutsuagoa da, gerretatik ihesi edo bizi hobearen bila emigratzen dutenenentzat, Amnesty International erakundeak 2013ko txostenean salatu duenez. "Gobernu gehiegik abusuak egiten dituzte giza eskubideen kontra kontrol migratorioen izenean, muga kontrolen legezko neurriak askotan gaindituz". Salil Shetty AIko idazkari nagusiak eman ditu urteko azterketaren ondorioak. "Neurri horiek ez diete eragiten soilik auzietatik alde egiten duten pertsonei. Milioika migranteri gertatzen zaizkio gehiegikeriak, eta inpunitate osoz erabiltzen dituzte, esplotatu". Erretorika populista handituz doala ere ohartarazi du: "Errefuxiatuei eta immigranteei egozten die herrietan dauden zailtasunen errua.

Gatazketan dauden herrietatik joandakoek ez dute babesik izan, orohar, eta bereziki Siriako egoera aipatu du AIk, beste urte bat igaro baita neurririk hartu gabe han gertatzen ari denaren kontra. "Ezer gutxi aldatu da, etengabe gora egiten duen biktimen kopuruaz gainera, bizitza galduez edo hondatuez aparte, milioika desplazatuz harago". Siriako Gobernuari egozten dio gehiegikerien errua batez ere, talde armatuek ere egoera okertzen dutela gaineratu arren. Horren aurrean, Nazioarteak "beste aldera" begiratu duela salatu du, giza eskubideen auzia "etxekoei dagokiela" aitzakia hartuta. Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio "aurre egin behar" diela bizitzak suntsitzen dituen gehiegikeriei, eta kide guztiek ados jarri behar dutela. 

Europako Batasunari ere tartea egin dio txostenean. "Migranteen bizitza arriskuan jartzen duten kontrol neurriak hartzen ditu mugetan, eta ez du auzietatik ihesi doazenen segurtasuna bermatzen". Etekin politikoa ateratzeko mezu populistak aintzat hartzea eta lehen mailako eskubideak ukatzea kritikatu du.

Adierazpen askatasunari buruzko urraketak, emakumearen kontrako neurriak, eta pobrezia kasuak ere aipatzen ditu, besteak beste txostenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.