Egoera baretzeko neurriren bat hartzea beste biderik ez du izan Frantziako Gobernuak, antza. Frantziako presidente Emmanuel Macronek eutsi dio orain arte, baina atzera egin du. Moratoria baten bidez, atzeratu egingo du dieselaren, karbonoaren eta gasoleoaren zerga igoera, sei hilabetez. Trantsizio energetikoa sustatzeko beharra argudiatuta iragarri zuen igoera hori, urtarrilaren 1erako, baina sei hilabeterako behintzat bertan behera utziko dute. Ez da iragarritako neurri bakarra: urte erdiz, autoen azterketa teknikoak gainditzeko baldintza zorroztu nahi zituzten, baina urte erdiz, bertan behera utziko dute asmo hori ere. Gainera, konpromisoa hartu dute argindarraren tarifa izoztuta mantentzeko, datorren urteko maiatza arte. 2014ko urrian ere hartu zuen antzeko neurri bat Parisek, baina bi urte beranduago, Estatuko Kontseiluak bertan behera utzi zuen erabakia, eta bi urte horietakoak ordaindu behar izan zituzten herritarrek.
Atzo gauean hartu zuten erabakia, Macron presidenteak, Philippe lehen ministroak eta hamarren bat ministrok, oposizioko taldeekin bildu ondoren. Gaur egin du ofizial iragarpena Edouard Philippe lehen ministroak, Errepublika Martxan mugimenduaren Asanblea Nazionaleko taldearen eta Modemeko kideen aurrean —Macron presidentetzara eraman zuen mugimendua da Martxan—. Han azaldu duenez, "kontsulta ugari" egin ondoren, giroa "baretzeko keinuak" egin nahi dituzte gobernukoek, gatazka berriz ere "mahai baten ingurura eramateko". Momentu "delikatua" dela onartu du lehen ministroak, eta "batasuna" eskatu dio gobernua sustengatzen ari diren gehiengoari. Bihar, asteazkenarekin, azalpenak emango lituzke gobernuak Asanblea Nazionalean bertan —"fiskalitate ekologikoa eta haren eragina eros-ahalmenean" izenpean egingo dute eztabaida—, eta ostegunean senatuan.
Gobernuko iturriek azaldu dutenez, egoera baretzeko hartu dute erabakia, eta neurri gehiago ere har ditzakete norabide horretan. Gaur arratsaldean ziren biltzekoak Jaka Horien mugimenduko zenbait ordezkari gobernuko kideekin, baina bertan behera utzi dute bilera hori Jaka Horiek. Ikusteko dago mobilizazioak eta tentsioa apaltzea lortuko ote duten. Izan ere, dagoeneko erregaiaren zergarena ez da Jaka Horien aldarrikapen bakarra, eta istilu handiak izan dira azken asteetan; larunbatean, esaterako, 682 pertsona atxilotu zituzten, horietako 412 Parisen, Barne Ministerioaren arabera.
Hilabeteon sortu eta garatu den mugimendua aurrez inoiz ikusi gabea da, sindikatuetatik eta alderdi politikoetatik at antolaturikoa: espontaneoa, batik bat, bere burua egunetik egunera antolatzen duena. Erregaiaren zergak piztu du sua, baina horren atzean badaude beste hainbat eskari. Horiek guztiek helburu bakarra dute: herritarren erosteko ahalmena handitzea. Europe Ecologie taldeko berdeek eta Generation Ecologie taldeak izan ezik, oposizio osoak eskatua zuen zerga igoera atzeratzeko.
Erreakzioak
Alde askotatik eskatu dituzte egoera baretzeko neurriak, eta lehen erreakzioak ere izan dira gaurko iragarpenaren ondoren. Martxan mugimenduko idazkari nagusi Stanislas Gueriniren hitzetan, "osasungarria" izango da erabaki hori, "herrialdea baretzeko". LR Errepublikanoentzat, aldiz, "ez da nahikoa"; hala esan du Bruno Retailleauk: "Espero dut moratoria horrek esan nahi duela tasa hori bertan behera uztea". Erreferendum bat ere eskatu du Laurent Wauquiezek (LR). Oposizio jarrera gogorragoa erakutsi dute Marine le Pen Frente Nazionaleko buruak eta Frantzia Intsumisoa mugimenduak, eta Asanblea Nazionala desegiteko eskatu diote presidenteari. PS alderdi sozialistak, berriz, "krisitik irteteko" neurriak proposatu ditu, herritarren eros ahalmena hobetzeko xedez.
Macron Miarritzen, hilaren 18an
Euskal Herrian ere aktibatu da mugimendua azken asteetan, Lapurdin bereziki, eta horrek eragin du Gipuzkoako mugan ere. Hain zuzen, "ekonomia trabatu ez dadin" neurriak hartzeko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Parisko gobernuari; batez ere, kamioiak mugan arazorik gabe ibili ahal izan daitezen. Gaur goizean, N121 errepidetik desbideratu dituzte asko, baina aurreko egun batzutan ez bezala, ez da aparteko ilararik sortu Donostia alderantz.
Abenduaren 18an, gainera, Miarritzera etortzekoa da Macron presidentea, G7aren goi bilkura dela-eta —2019ko abuztuan izango da goi bilera, baina prestakuntza lanetan ari dira dagoeneko—. Aitzina gazte erakundeak, esaterako, antolatu daitezkeen mobilizazioei adi egoteko eskatu du, "jakobinismoaren eta kapitalaren presidentea" Euskal Herrira datorrela-eta.