Erregaien prezioa igotzeak protestak eragin ditu Nigerian

Poliziak eraso egin die manifestariei, eta gutxienez bi lagun hil dituzte, biak ere adingabeak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Petrolioaren prezioaren gorakadagatik deitutako greba orokor eta mugagabearen lehen eguna izan zen atzo Nigerian. Hiri nagusietan geratu egin zen eguneroko jarduna, eta manifestazio jendetsuak izan ziren. Poliziaren eta manifestarien arteko liskarretan,gutxienez bi adingabe hil ziren, eta gobernuak etxeratze-agindua ezarri du herrialdearen iparraldean.

Afrikako herrialderik jendetsuena da Nigeria, eta kontinenteko petrolio ekoizlerik handiena. Halere, urtarrilaren batean erregaia erosteko diru-laguntza kenduko duela iragarri zuen Abujako gobernuak. Murrizketa ekonomikoen baitan hartutako neurriaren ondorioz gasolina litroaren prezioak nabarmen egin du gora: 0,40 dolarretik 1,30 dolarrera. Horrek, era berean, produktu eta zerbitzu gehienen prezioak igo ditu, garraioarenak bereziki.

Ustelkeriaren aurka

Lagosen, Nigeriako hiriburu ekonomikoan izan da hain zuzen lehen hilketa. Poliziak tiro egin du manifestarien kontra, eta gazte bat hil du. Iparraldeko Kano hirian, bestalde, hamabost urteko lagun bat hil du Poliziak tiroz, Gobernuaren egoitza batera sartu nahi zuten manifestarien kontra egin duenean. Protesta berean hil da beste adingabe bat ere, manifestariek zapalduta.

Gertakariok salbu, greba arrakastatsua izaten ari dela nabarmendu dute TUC eta NLC bi sindikatu deitzaileek. Greba mugagabea dela gogorarazi dute sindikatuek, eta ez dutela etsiko gobernuak amore eman arte. «Ez da soilik diru laguntza kendu izana, ustelkeria eta administrazio txarra ere salatu nahi ditugu», esan du Tunde Bakare Nigeria Salbatzeko Taldeko kideak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.