Errege komunista

Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagia hil da, 69 urterekin; iturri ofizialen arabera, bihotzekoak jota zendu da bidaia batean zelaHamazazpi urte egin ditu agintean, boterea aitarengandik jaso ondoren

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Kim Jong-il gure lider maitatua larunbatean hil zen, hilaren 17an, goizeko zortzi eta erdietan, bere buruzagitza funtzioak betetzeko bidaia batean zela». Ipar Koreako telebista publikoko aurkezleak mezu hori irakurri zuen atzo, negar artean eta tarteka pausaldiak eginez. Mezu ofizialaren arabera, bihotzekoak jota hil da herrialdeko buruzagia, 69 urterekin. Haren heriotzarekin, aro berri bat hasiko da munduko herrialde komunista berezienean. Ipar Korea hainbat arrazoik bihurtu dute berezi, baina horien artean nabarmenena da agintea sendi bakarrak oinordekotzan mantendu duela herrialdea sortu zenetik (1953), monarkien gisan. Kim Jong-ilek 1994an jaso zuen boterea aitarengandik, Gerra Hotzaren amaieran. Bloke komunistaren desegiteari bizirautea izan zuen xede nagusi, eta, horretarako, programa nuklearra garatu zuen, nazioartean bakartuta gelditu arren, AEBen edo Hego Korearen balizko esku hartzeak uxatzeko. Kim Jong-un semeak hartuko du dinastiaren ondorengotza.

KCNA Ipar Koreako berri agentzia ofizialak erran duenez tren batean zihoala hil da Kim Jong-il. Bihotzekoa bere jardunak sortutako «buruko eta gorputzeko tentsioak» eragin dio, agentziaren arabera. Atzerriko iturriek, bereziki CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak eta Hego Koreako hedabideek, Kim Jong-ilen osasun arazoei buruzko berriak argitaratu izan dituzte azken urteetan. Bereziki 2008tik; urte horretan apoplexia bat jasan zuela argitaratu zuten. Ipar Koreak, ordea, ez du inoiz bere liderrak osasun arazoak izan dituela berretsi, eta zurrumurruak indartu diren aldioro, Kim Jong-ilek agerraldi publikoak egin ditu. Aurten bertan bi bidaia luze egin zituen Txinara eta Errusiara.

Kim Jong-ilen gorpua Piongiang hiriburuko Kumsusan Oroimenaren Jauregira eramanen dutela jakinarazi du KCNAk. Kim Il-sung aitaren egoitza ofiziala izan zen jauregia, orain haren mausoleo bihurtua. Agintariek hilaren 29ra arteko dolua ezarri dute, eta hileta egun bat lehenago eginen da, Piongiangen. Kim Jong-un semea izanen da hiletaren buru.

Arerioak alerta egoeran

Herritarren samina agertzen zuten irudiak hedatu zituzten atzo Ipar Koreatik. Hego Korean, aldiz, hainbat bilkura egin ziren iparraldeko liderraren heriotza ospatzeko. Lee Myung-bak presidenteak, baina, lasai egoteko eta eguneroko bizitzarekin jarraitzeko deia egin die herritarrei.

Hala ere, Piongiangen arerioak alerta egoeran paratu dira Kim Jong-ilen heriotzaren ondorioz. Seulek gorengo mailan paratu ditu armada eta Polizia, Ipar Korearen «probokazioak» jasan ditzakeelakoan. Bi herrialdeen arteko mugan, 38 paraleloan, zaintza berezia paratu du Hego Koreak. Lee presidenteak Barack Obama AEBetako presidenteari dei egin dio, eta bi herrialdeek «koordinazio estua» mantenduko dutela hitzartu dute. Piongiangen bertze arerio nagusia ere, Japonia, alerta egoeran dago, eta datozen egunetan Seulekin «elkarlan hurbila» izanen du. Gobernuak segurtasun egoera aztertzeko bilera berezia egin zuen atzo.

Alerta horren oinarrian Mendebaldeko eta Hego Koreako inteligentzia zerbitzuek eta hedabideek Kim Jong-ilen ondorengotzaren inguruan sortutako espekulazioak daude. Iturri horiek zalantzan paratu dute Kim Jong-un gazteak armadako buruzagien artean duen sostengua, eta, horren ondorioz, Ipar Korea ezegonkortasun politikoan murgil litekeela diote. Potentzia nuklearra izanik, horrek krisi larria sor lezake lehendik ere gatazkatsua den eremuan. Piongiangek, baina, erakustaldi militar batekin uxatu nahi izan ditu espekulazioak, eta misil bat jaurti du ekialdeko itsasora. Hego Koreako iturri militarrek Yonhap agentziari azaldu diotenez, «proba soila» izan da jaurtiketa hori.

Ipar eta Hego Korea ofizialki gerran daude oraindik, 1953an armistizioa sinatu zuten arren, bake akordiorik egin ez zutelako. AEBek hegoaldearen alde esku hartu zuten gerran, eta gaur egun 30.000 soldadu dituzte han. Bigarren Mundu Gerran Japonia Koreako penintsulatik bidali zuten aliatuek, bertako erresistentzia taldeen laguntzarekin. Iparraldea SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren esku gelditu zen, eta komunistek hartu zuten boterea; hegoaldean, berriz, kapitalistek, AEBen sostenguarekin. 1950ean hasi zen gerra.

Aitaren itzal luzea

Kim Jong-ilek aita hiltzean hartu zuen boterea, duela hamazazpi urte. Biografia ofizialaren arabera 1942an jaio zen Baekdu mendi sakratuan, Txinako mugan. Ikerlari gehienen iritziz, baina, aitzineko urtean jaio zen Siberian, Kim Il-sung aita, gerrillari komunista, han baitzegoen SESBek babestuta. Aitaren itzal luzea izan du gibelean beti Kim Jong-ilek. Koreako Herri Errepublika Demokratikoaren sortzailea izan zen Kim Il-sung, eta haren irudiaren gurtza muturreraino eraman zuen. Herrialdea eta agintaria bat bilakatu zituen. 1980an Kim Jong-il semea ondorengo izendatu zuen Langileen Alderdiaren Kongresuak, sistema komunista batean lehenbiziko aldiz boterea dinastiko bihurtuz. Ezentriko eta bizizale itxura eman zuen Kim Jong-ilek, baina propaganda baliabide boteretsuei esker, haren irudia aitarenaren pare gurtu zuten Ipar Korean.

Buruzagiak hiru erronka nagusi izan zituen bere agintaldian: egoera ekonomikoa, programa nuklearra, eta Hego Korearekiko harremanak. Ipar Koreak nazioartearekiko itxiera eta isolamendua ia erabatekoak ditu, eta horrek beti zaildu du han gertatzen denaren berri izatea. Boterera ailegatu berritan, adibidez, krisialdi larriari aurre egin behar izan zion Kim Jong-ilek, SESBen desegiteak, uzta txarrek eta hondamendi naturalek elikagai eskasia sortu zutelako. Matxinada saiakerak ere gogor zanpatu zituen. Mendebaldeko iturrien arabera, milioi bat lagun inguru hil ziren gosez. Piongiangek milaka batzuk baino ez ditu onartzen. Nazioarteko laguntzaren eskaria handia denez, eskasia egiturazkoa dela ondorioztatu daiteke.

Estatuko aurrekontuaren zati handia baliabide militarrek xahutzen dute. Programa nuklearra dago horren artean. Kim Il- sungek abiarazi zuen, Gerra Hotzaren amaiera aldera, eta semeak gauzatu zuen. Kim Jong-ilek argi zuen bloke komunistaren aterkia deseginda, arma nuklearrak edukitzea zela AEBen edo Hego Korearen esku hartzea saihesteko bide bakarra. Munduan gerra nuklearrarekiko beldurra murrizten hasi zenean, Koreako penintsulan biziberritu egin zen. 2006an eta 2009an egin zituen Piongiangek saio nuklearrak. Nazioarteak zigorrak paratu arren, Kim Jong-ilek ez zuen gibelera egin bere asmoetan. AEBen presioari aurre egiteko Txina izan du aliatu nagusia. Pekinek Washingtonek eskualdean duen eragina mugatu nahi duen arren, ez deritzo ongi bizilagun txiki batek arma nuklearrak izateari.

Tentsio harremana Seulekin

Kim Il-sungek Seulekiko eduki zituen harremanek komunikazio eza eta tentsioa izan zuten ikur. Kim Jong-ilek, berriz, elkartrukerako programak abiarazi zituen Seulekin batera, eta Hego Koreako presidenteekin birritan bildu zen. Horrekin batera, ordea, gerraz geroztiko tentsio une latzenak izan ditu Seulekin. Larriena, iaz: 1953tik lehen aldiz, zibilak bizi ziren eremu bati eraso zion Piongiangek, Yeonpyeong irlan. Bi militar hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.