Erregearen aurrean makurtuta

Marokok harremanak berriz aztertuko dituela esan eta biharamunean, elkarrizketarako deia egin dio Espainiak

Kristina Berasain Tristan.
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Protokoloak ezartzen du monarken aurrean burua makurtu egin behar duela batek, eta horixe bera egin du Madrilek. Mohamed VI.a Marokoko erregeari harrerarik egin ez badio ere, belaunikatu eta makurtu egin da haren aurrean, eta ariketa metaforiko hori erreakzio hanpatu baten ostean egin du. Espainiako Kongresuak Agdaim Izik eta Aaiungo indarkeria salatu izanagatik kasketa hartu du Rabatek; Espainiarekiko harremanak «alor guztietan» berriz aztertuko dituela ohartarazi du, adostutako testuak indarkeriaren erantzulea egiten ez badu ere.

Madril, baina, beldur dela utzi du agerian berriro; izan ere, komunikatu ofizial baten bidez harremanak bideratzeko elkarrizketarako deia egin dio Rabati. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteordearen hitzetan, bi herrialdeen artean «konfiantzazko oinarri» bat dago, eta hartu-emanak bideratzeko «ahaleginak» egin dituzte: «Marokorekiko harremanak estrategikoak dira. Denek uler dezaten, oso garrantzitsuak dira, eta horrela izango da etorkizunean ere». Trinidad Jimenez Atzerri ministroak bide beretik mintzatu da «hitzezko tirabiretatik haratago» harremana «ona» dela zehaztuz: «Beti izan dugu errespetuan oinarritutako harreman orekatua eta irtenbideak bilatzera bideratutakoa».

Kongresuko alderdiek aho batez sostengatutako ebazpenak «onartezinak» diren adierazpenak dituela salatu du Marokok. Khalid Naciri Komunikazio ministroaren arabera, deitoragarria da «zentzutasuna eta erantzukizuna» txalotu beharrean salaketa egitea. Kongresuak Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua amaitzeko egindako deia da, akaso, agintari alauien haserrea eragin duena, eta horregatik atera da azalpenak ematera Madril. Interes ekonomikoetatik haratago, ekintzaile islamistak eta paperik gabeko immigranteak geldiarazteko politikan ezinbesteko aliatu du Maroko; leku estrategikoan dago, eta hori baliatu du etengabe mahai gainean ukabilkadak emateko.

Espainiaren eta Marokoren arteko ika-mikak ohikoak izan dira azken urteotan, 1991an elkarrekin Kooperaziorako, Adiskidetasunerako eta Auzokotasun Onerako Ituna sinatu bazuten ere. Hassan II.a erregearekin samurragoak izan ziren harremanak, baina haren heriotzaren ostean, gorabeherak maizagoak izan ziren. Mohamed VI.a 1999an agintera iristean garai konplexua hasi zen; PP Alderdi Popularreko Jose Maria Aznar zen orduan agintean, eta ezaguna da erregeari zion ezinikusia -Perejil uhartea izan zen talka horren erakusle ospetsuena-. Jose Luis Rodriguez Zapatero boterera iristean sendotu egin ziren harremanak, tartean autonomia plana aintzat hartu duelako.

Mendebaldeko Saharako auziak, baina, tenkatu egin ditu gauzak, nahiz eta orain artean jarrera epela izan duen Espainiak. Ceuta eta Melilla hirien subiranotasuna aldarrikatzeko martxa bat egitekoa dute gaur marokoarrek. Eta Marokoko Parlamentuko bi ganberek, bestalde, premiazko saioa egitekoa zuten atzo bitariko harremanez aritzeko, noiz eta erregearen irudia une zailenetan dagoenean. Wikileakseko dokumentuek ez dute-eta oso leku onean paratu Mohamed VI.a; higiezinen merkatua erabat kontrolatzen duela eta nazioarteko enpresek herrialdean egiten dituzten proiektuengatik ehuneko bat jasotzen duela zabaldu dute iturri diplomatikoek. Inbertitzaileek ere makurtu behar dute erregearen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.