«Erregimena erori arte» segituko du borrokan Siriako Armada Askeak

Herria alde duelako jarraitzen duela boterean erran du Baxar al-Assad presidenteak

Erredakzioa
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Siriako Armada Askeak adierazi du borrokan segituko duela «erregimena erori arte», eta berretsi du erabat baztertzen duela Kofi Annanen batasun nazionaleko gobernu bat eratzeko proposamena. «Erregimen honek sarraskiak eta hilketak egin ditu, beraz, ez dugu Al-Assadek jarraitzea nahi, ezta haren erregimenak ere», adierazi dio Malik al-Kurdi talde armatuko buruzagiordeak Today's Zaman Turkiako egunkariari. Joan den asteburuan Siriarako Ekintza Taldeak Annanen proposamena onartu zuen. Kontrako jarrerak dituzten herrialdeek osatzen dute talde hori; bertzeak bertze, AEBek, Errusiak, Txinak eta Turkiak.

Siriako Armada Askearen adierazpena oposizioko talde politikoek Kairon egindako bileraren ondoren etorri da. Bertan, talde horiek exijitu zuten Baxar al-Assad egungo presidenteak alde egitea, baina haren gobernuko kideekin agintea partekatzeko prest agertu ziren, «eskuak odolez zikinduta» ez badituzte. Batasun nazionaleko gobernuaren proposamenari irekitako bidetzat interpretatu da oposizioaren adierazpena, SNC Siriako Kontseilu Nazionalak borroka armatua edo atzerriko esku hartze militar bat ere baztertu nahi ez duen arren. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa heldu den astean biltzekoa da SNCrekin.

Ohartarazpena Iraketik

Lavrovek, bertze behin, ukatu egin du Al-Assad Errusian erbesteratzekotan denik. Siriako presidenteak berak Turkiako Cumhuriyet egunkariari erran dio boterean jarraitzen badu herriaren sostenguarengatik dela. «Azter dezagun egoera: AEBak nire etsaiak dira, Mendebalde osoa nire etsaia da, ondoko herrialdeak nire etsaiak dira. Boterean jarraitzen dut herriak sostengatzen nauelako. Zergatik hil behar nuke alde daukadan herri bat?». Irakeko Gobernuak, berriz, ohartarazi du «Al-Qaedako borrokalariek» muga gurutzatu dutela Sirian atentatuak egiteko. Siriako gatazkak Iraken ere eraginen duen beldur da Bagdad; batez ere,xiiten eta suniten gatazkagatik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.