Siria. Protestak. Khalaf Ali al Khalaf. Siriako ekintzailea eta idazlea

«Erregimena lehenago edo geroago eroriko da, baina zenbat hilko dira aurretik?»

Egipton erbesteratuta dago oposizioko kidea. «Gezurtzat» jo du presidenteak bozetara deitzeko egin berri duen iragarpena; orain arteko promesak hutsalak direla eta, nazioarteari presio egiteko eskatu dio.

SERGI CABEZA.
Alexandria
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Khalaf Ali al Khalaf (Halab, Siria, 1969) giza ekintzaile, idazle eta kazetariaren bila ari da erregimena «azken bost edo sei urteotan», 1993az geroztik jaioterritik kanpo bizi bada ere. Bere artikuluak biltzen dituen Itxaropenik gabeko herrialde bati buruz. Al Assaden semearen erregetza eta haren kontra daudenak liburua da horren arrazoia. Alexandrian (Egipto) dago erbesteratuta, eta «beste batzuek argitaratu nahi ez dituzten liburuak» argitaratzen ditu handik, bazkide batekin batera sortutako argitaletxean, batez ere Siriako disidentziari buruzkoak. www.jidar.net kultur eta politika ataria ere martxan du, eta Londresen arabieraz argitaratzen den itzal handiko aldizkari batentzat ere artikuluak idazten ditu.

Al Khalafek iragan martxoaren 15ean siriarrek Kairon egin zuten lehen manifestazioan parte hartu zuen, bere herrialdean protestak hasi ziren egun berean. Geroago, ekainaren hasieran, Turkiako Antalya hirian egindako Siriarako Aldaketarako Biltzarra antolatzen aritu zen. «Emozioak baretzen direnean» iraultzaren gaineko liburua idatziko duela uste du.

Lehenik Tunisia, eta gero Egipto. Sirian nola hasi zen iraultza?

Otsailaren 4an egin zen iraultzarako deia Sirian. Inor ez zen kalera atera egun horretan, eta ezta hurrengo egunetan ere. Martxoaren 15erako egin zen beste deialdi bat, eta orduantxe atera zen jendea Damaskon. Preso politikoen senideak eta gertukoak ziren, eta errepresioa jasan zuten.

Baina odola Daran isuri zen.

Ikastetxeko arbelean Jendeak erregimena erotzea nahi du idatzi zuten 12 edo 13 urteko gazte batzuk atxilotu zituzten. Senideak protesta egitera joan ziren, eta euren seme-alabak gaizki hezita zeudela esan zieten. Seme-alabak aska zitzatela eskatu zuten gurasoek, baina ofizialek esan zieten haietaz ahazteko eta berriak egitera joateko. Seme-alaba berriak egiteko gai ez baziren emazteak beraien esku uzteko esan zieten. Jendea kalera ateratzea eragin zuen horrek, eta errepresio odoltsua ekarri zuen. Hortik aurrera, hedatu egin ziren protestak.

Erregimenaren kontrola erabatekoa da. Nola lortu zuten siriarrek munduarekin konektatzea?

Dara erasotu zutenean komunikazio guztiak eten zituzten, baita argindarra ere. Erregimenak barruan gertatzen ari zena ukatu egiten zuen. «Komunikabideak eten baditugu, nola da posible norbaitek honen berri ematea?», zioten. Azkenean, armadak ulertu zuen jendeak, nolabait, bideoak hedatzen ari zela sakelakoen bidez, eta hortaz, frankotiratzaileek eskuan mugikorra zuen orori egiten zion tiro. Leku batean komunikabideak mozten zituztenean, jendea beste leku batzuetara joaten zen bideoak bidaltzera.

Zerk eragin zuen protestak herrialde osora hedatzea?

Aste Santuko ostiralean protesta orokor batera deitu zen. Gobernuak ordurako muturreko islamistak egin zituen protesten erantzule, eta egun horretan asmoa zen akusazio horiek ukatzea eta agerian uztea protesten sustatzaileak herritar soilak zirela. Egun hartan 124 lagun hil eta milaka atxilotu zituzten, eta biharamunean erruz atera zen jendea kalera erregimenarekiko beldurrari aurre eginez. Erregimenakprotestak baimentzearen edo jendea hiltzen jarraitzearen artean aukeratu behar izan zuen, eta bigarren hautua egin zuen. Hortik aurrera egoera makurtzen joan zen. Armadak hiri bat setiatzen zuenean, jendea beste hiri batean manifestatzen zen.

Nola da posible armadak bere herriaren kontra tiro egitea?

Badaude tiro egiteari uko egiten diotenak, baina horiek bizitza arriskatzen dute. Erregimena ez da bere soldaduez fio; izan ere, 18 eta 21 urte artekoak dira gehienak. Soldaduak hil badituzte da besteei ohartarazteko noraino dauden prest joateko, eta, bide batez, nazioarteari erakusteko armada irmoa dela. Katua sakatzen dutenak, baina, frankotiratzaileak dira.

Frankotiratzaileak irandarrak direla esan izan da.

Iranek eta Hezbolak laguntza eman diote erregimenari, bitarteko material zein humanoak eskainiz. Hezbolako eta Irango frankotiratzaileak daude kaleetan, baina zaila da hori demostratzen. Persieraz ari diren frankotiratzaileen bideoak badaude, nahiz eta lausoak izan.

Erregimena erortzen bada, alauitak eta kristauak gehiengo diren suniten aurrean bazterrean geldituko direla esaten da.

Orain arte herria elkarrekin aritu da, eta herriak aldarrikatzen duen gauza bakarra askatasuna da. Kartzeletan alauitak eta kristauak ere badaude, eta kalera atera direlako da hori. Egia da alauita batzuk mendekuaren beldur direla, erregimena alauita baita, baina kaleko jendeak ez du mendekurik nahi.

Zer iritzi diozu aste honetan bertan presidenteak urtea amaitu baino lehen bozak egiteko egin duen iragarpenari?

Kar-kar-kar... Gezur hutsa da! Nola sinetsiko dugu hori aldi berean bere herria hiltzen ari den pertsona batez? Bashar al Assad 2000. urtean iritsi zen boterera demokraziaren bidean erreformak egingo zituela esanez; bada, hiru agintaldi bete ditu, eta ez dugu erreforma bakar bat ere ikusi.

Zer espero duzu etorkizunaz?

Egoera larri baten aurrean gaude. Tunisian eta Egipton barrutik etorri zen irtenbidea, baina gurean, erregimena bertan behera gelditzen bada, ez dugu estatua ordezkatuko duen erakunde independenterik, eta horrek zaildu egiten ditu gauzak. Nazioarteak presio irmoagoa egin beharko luke. Lehenago edo geroago eroriko da erregimena, baina zenbat hilko dira aurretik?

Zer sentitzen duzu erbestean?

Jaioterritik kanpo zaudenean eta bueltatu ezin zarenean, zure herrialdea munduko ederrena dela sentitzen duzu. Baina aspaldi erabaki nuen ez dudala bueltatu nahi [ezinezkoa zaio] erregimen anker hori dagoen bitartean. Siria demokratiko batera joan nahi nuke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.