85 egun ezer jan gabe egin ondoren, atzo arratsaldean (gaua Euskal Herrian) hil zen Orlando Zapata Tamayo 42 urteko preso kubatarra, Almejeriasko erietxean. Ordu batzuk lehenago eraman zuten hara, Habanako presoentzako osasun zentro batetik, oso larri zegoelako.
Kubako oposizioko iturriek jakinarazi dutenez, "kontzientzia presotzat" har zezaten eta bere eskubideak aldarrikatzeko hasi zuen gose greba. Hain zuzen ere, 2003ko udaberrian espetxera zigortu zituzten erregimenaren kontrako 75 ekintzaileetako bat zen, eta 2004an "kontzientzia preso" izendatu zuen AI Amnesty International erakundeak. Ekintzaile horietako hainbati zigor handiak ezarri zizkieten, eta, gainera, gero, espetxean zirela, luzatu egin zieten zenbaiti. Hala, 36 urteko zigorra zeukan hil den ekintzaileak.
Halaber, Zapata Tamayok espetxean jaso duen tratua bortitza eta bidegabea izan dela salatu dute Kubako oposizioko iturriek; besteak beste, iazko urrian Holguingo kartzelako militarrek jipoi handia eman ziotela, eta buru barnean hematoma handia egin. Ondorioz, ebakuntza egin behar izan zioten. Orain, gose greba egin duen bitartean, 18 egunez ura ukatu diotela erantsi dute, eta, horrenbestez larriagotu egin dutela baraualdiaren eragina.
Oposizioko alderdi eta giza eskubideen aldeko mugimenduek gogor salatu dute erregimenaren kontrako ekintzailearen heriotza, eta Raul Castroren Gobernuak eragotzi nahi izan ez duelako gertatu dela iritzi diote. 1972an Pedro Luis Boitel zendu zenetik Kuban gose greba baten ondorioz hil gertatu den lehen heriotza da.
Mundua
Erregimenaren kontrako preso bat hil da Kuban, 85 egun gose greban egin ondoren
Orlando Zapata Tamayo 2003tik zegoen espetxean, eta "kontzientzia preso" izaera aldarrikatzeko utzi zion jateari. Halakotzat hartu zuen Amnesty Internationalek 2004an. Kubako oposizioaren arabera, Castroren Gobernuak ez du Zapata Tamayoren heriotza eragotzi nahi izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu