Urte hasieratik Sirian gatazka gune nagusi izan da Homs hiria, eta berriro ere bere kontrolpean dauka armadak, borrokan ziren bi aldeek jakinarazi dutenez. Egoeraren bertsioa, ordea, ezberdina da: Damaskoren arabera, erregimenak «talde armatuen eremua garbitu» du; hala esan du Bab Amr auzoaz, erresistentziaren gune nagusi izan denari buruz; Siriako Armada Askeak dioenez, haren militanteek «erretiratze taktiko bat» bat bertzerik ez dute egin. ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak esan du Damaskok Bab Amrera sartzeko baimena eman diola, zaurituak artatzeko eta giza laguntza helarazteko.
Militar desertoreek eta bertzelako boluntarioek osatutako erakunde matxinoaren bertsioaren arabera, Siriako armada 7.000 soldadurekin sartu da Homsen, eta aurrera egin du bonbardaketen bidez. Siriako Armada Askeko komandanteorde Malik Kurdik erran duenez, erreboltariek «erresistentzia gogorra» egin dute armadaren aitzinean. Erakunde horretako iturriak aipatuz Al Jazeerak argitaratu duenez, zibilen egoeraren ondorioz erabaki du auzotik ateratzea Siriako Armada Askeak. Iturri horren arabera, 4.000 herritar gelditu dira bertan. «Alde egitea erabaki dugu giza egoeraren baldintzengatik, elikagaien, botiken eta armen eskasiagatik, eta ur, argindar eta komunikazio hornidurak eteteagatik».
Zaurituen ebakuazioa, gaur
Damaskok azaldu du soldaduek Bab Amrko «karrika, tunel eta etxe oro» arakatu dutela «armen eta armatutako lagunen» bila. Gurutze Gorria gaur da Bab Amrn sartzekoa, «jainkoak hala nahi badu», Saleh Dabakeh erakundeak Sirian duen ordezkari nagusiak erran duenez. «Elikagaiak eta botikak helarazteko baimena daukagu, eta zaurituak eta eriak ebakuatzeko. Horiek lehenbailehen ospitaletara eramaten saiatuko gara».
Gurutze Gorria azken astean su-etenak hitzartzen saiatu da ebakuazioak egin ahal izateko, baina gutxi batzuk egitea baino ez du lortu. Erregimenak eta oposizioak elkarri egotzi diote horren errua. Oposizioaren arabera, hilabeteko erasoaldian ehunka lagun hil dituzte Homsen, datu hori berresterik ez dago, baina.
Erregimeneko indarrek Homs hiriaren kontrola berreskuratu dute
Siriako Armada Askeak adierazi du haren militanteek «erretiratze taktikoa» egin dutela Bab Amr auzotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu