Bi aste igaro dira erreboltariek Tripolin sartzea lortu zutenetik. Borroka latzak izan dira hamabost egunotan, eta NATOren laguntzaz, hiriburua kontrolpean hartzea lortu dute Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako matxinoek. Amaitutzat ematen dute diktadorearen erregimena, eta trantsiziorako pausoak ematen ari dira. Nazioarteak, berriz, babes osoa eman dio Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari; haien esku utzi dute Gaddafiri blokeaturiko dirua. Ali Tarhuni Petrolio ministroak jakinarazi duenez, nazioarteak desblokeaturiko diruaren zati bat bankuetan dago jada. Gainontzekoa gasolina eta bestelako erregaiak erosteko erabiliko dute.
Egoera normaltzen ari da gutxika. «Tripoli askea da», adierazi du Mustafa Abdeljalil kontseiluko presidenteak. Abdeljalilen esanetan, Gaddafiren indarrak jada ez dira arriskutsuak herrialdearentzat, militarki indartsuak sentitzen baitira erreboltariak. Hala, datorren asterako Bengazitik hiriburura pasatu nahi dute Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren egoitza nagusia. MEP Munduko Elikadura Programa eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria ere Tripolin daude jada.
Tripoliko egoera, dena den, ez da erreboltariek dioten bezain ona. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, ur gabezia «larria» dute oraindik, eta argindarra noiznahi joaten da. Horrek are gehiago zailtzen du ospitaleetako langileen zeregina, baliabide urriak baitituzte gaixoak artatzeko. Milaka atxilotu, berriz, desagerturik daude oraindik, eta hobi komunetan lurperaturik daudela uste dute herritarrek.
Eraso egiteko prest
Tripolin trantsiziorako prestatzen ari diren bitartean, erreboltariek setiaturik dituzte Gaddafiren indarren mende jarraitzen duten hiriak, Surt, Bani Ualid, Sabha eta Jafra. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak hurrengo larunbatera arteko epea eman die hiri horiei, errendi daitezen; indarrez hartuko dituzte bestela. Datorren asteburura arte, hiri horiek setiatzen jarraituko dute matxinoek, erasorako prest.
Erreboltariek, dena den, setiatutako hirietara giza laguntza sartzen utzi dute Abdeljalilen esanetan, eta ez diete argindarra moztu. «Gure nahia da txikizioa eragoztea eta herritarrak babestea». BBC katearen arabera, Sabhan eta Surten egoera zaila bizi dute herritarrek; Gaddafiren indarrek ospitalerako sarrera oztopatzen diete erregimenaren aurka daudenei.
Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak adierazi duenez, Gaddafiren jarraitzaileekin negoziatzen ari dira erreboltariak Bani Ualiden, eta akordio batera iristeko gertu daude. «Hiria inguraturik duten borrokalariak itxaroten ari dira, negoziazioek aurrera jarraituko duten itxaropenez, eta Gaddafiren gizonak errenditzeko zain. Hala gertatzen ez bada, Bani Ualid erasotuko dute,eta hildako gehiago egongo dira», adierazi du Abdulrazik Annduri matxinoen buru militarrak. Erreboltarien arabera, Tarhunako gune militarraren kontrola hartu zuten atzo, Bani Ualidetik gertu.
Harremanak CIArekin
HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera, CIAk hainbat preso bidali zituen Libiara «terrorismoa» egotzita, «torturatu zitzaten, eta bilatzen zuten informazioa eman ziezaieten». Jennifer Youngblood CIAko bozeramaileak garrantzia kendu dio berriari. «Jakina da CIAk atzerriko gobernuekin lan egiten duela, gure herrialdea terrorismotik eta beste mehatxu batzuetatik babesteko». Musa Kusa Atzerri ministro ohiaren bulegoan aurkitu dituzten dokumentuen arabera, gainera, Erresuma Batuko espioitza zerbitzuak erregimenaren aurkako lagunei buruzko informazioa eman zion Gaddafiri.
Erreboltariak, berriz, Gaddafiren erregimeneko espioien atzetik dabiltza. Libiako gatazka hasi zenean, Gaddafiren indarrek bikoiztu egin zituzten herritarrak zelatatzeko bitartekoak; kamerak ezarri zituzten herritarrak zelatatzeko, eta etxez etxe joaten ziren matxinoak atxilotzera.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Errendizioaren itxaropenean
Matxinoek setiatuta dituzte erregimenaren mende dauden hiriak; oposizioaren arabera, negoziazioak bide onetik doaz Bani UalidenTripoliko egoera hobera doa; nazioarteak desblokeatutako dirua bankuei banatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu