Guatemala. Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoa

Errepresioaren artxiboak

Guatemalan 36 urte iraun zuen gatazka armatuan Poliziak eginiko krimen ugariak argitara ematen ari dira, eta auzi asko epaitegietan daude, duela zazpi urte kasualitate hutsez aurkitu zuten artxibo historiko bati esker.

Poliziaren eraikin zaharkitu batean 80 milioi folioko artxibo historikoa aurkitu zuten, duela zazpi urte. CARLOS CASTRO.
Gemma Garcia Fabrega.
Guatemalako Hiria
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Iragan abuztutik 70 urteko espetxe zigorra ari da betetzen Guatemalako Polizia Nazional deseginaren 6 Komandoko buru izandakoa. Edgar Saenz Calitoren behartutako desagertzearen erantzule gisa zigortu zuten. 1981eko urriaren 6an bahitu zuten San Carlosko Unibertsitateko ikaslea, gerra zibilaren unerik gordinenean. Polizia-burua zigortzeko froga nagusien artean daude gatazka garaian egin zuten operazio bakoitza erregistratu zuen erakundearen artxiboak. AHPN Polizia Nazionalaren Artxibo Historikoan egiten duten lan zehatzari esker argitaratu ziren agiri horiek. Eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzen ditu 140 laguneko lan talde batek, Poliziaren historia eta krimenak jasotzen dituzten 80 milioi folioak berreskuratzeko.

Egia berreskuratzeko gudua izan zen artxiboaren erreskatea. 36 urteko gatazka armatuaren eta gobernuaren eta gerrillaren arteko elkarrizketa luze baten ondoren, 1996an sinatu ziren bake akordioak. Egiaren batzorde bat sortzea onartu, eta justizia gertakariak zehatz-mehatz ezagutzetik soilik etor zitekeela adierazi zuten. CEH Argitze Historikorako Batzordea izan zen, Nazio Batuen agindupekoa, polizia artxiboak ikuskatzea eskatu zuena. Gobernuak ezezkoa eman zuen: ez zirela existitzen ziurtatu zuen. Eta, zortzi urtez, egia aurkitzeko itxaropenak deuseztatu egin ziren. Kasualitatez, ordea, 2005eko uztailean, Giza Eskubideen Fiskaltzak Latinoamerikan inoiz aurkitutako polizia artxibo handienarekin topo egin zuen. Poliziaren eraikin zaharkitu batean lehergarririk ote zegoen ikuskatzen ari zela, 80 milioi folioak aurkitu zituen; tonaka paper, 1882tik 1997ra artekoak, Polizia Nazionala sortu eta desegin bitarteko historia jasotzen dutenak.

«Paper zahar pila»

AHPNko kide Alberto Fuentesek argi dauka estatuak berak ezkutatu zuela dokumentazio hori guztia, ezkutuko espetxe izan bide zen eraikinean. Hark eta beste hainbat ekintzailek itxialdia hasi zuten une berean, hezetasunak kaltetutako agiriak labezomorroen eta arratoien mehatxutik salbu jartzeko, garai hartako Gobernazio ministro Carlos Vielmanek mespretxuz hitz egin zuen: «Zertarako galdu denbora paper zahar pila horrekin?».

«Paper zahar pila» horren artean herritarren kontrolerako ehunka mila fitxa agertu dira, bahiketa eta hilketa salaketak, tortura arrastoak eta komunisten aurkako heriotza eskuadroien zerrendak. «AEBek polizia nazionalen aholkularitzan, hornikuntzan eta formazioan izan zuten esku hartzea agerian uzten duten agiriak», artxiboko zuzendari Gustavo Meoñok azaldu duenez.

Berriena Edgar Saenz Calitoren auzia da. Baina prozesu judizial ugari oinarritu dira, ia erabat, Poliziaren artxiboko agirietan. Gaur-gaurkoz, frogarako elementu dira 53 auzitan, zigorgabetasunaren aurkako garrantziaren erakusle. Kasu esanguratsuenetako bat Fernando Garcia ikasle-buru eta ekintzailearena da. Izenik agertu gabe, 1984ko otsailaren 18an «bi iraultzaile» atxikitzea ahalbidetu zuen ekintza bategatik kondekoratzen zituen agiri batek, eta hari esker identifikatu zituzten polizia hiltzaileak. Ordua eta lekua desagertzeagatik familiak jarritako salaketan ageri diren berberak dira, eta horrela ondorioztatu ahal izan zuten «iraultzaile» horietako bat Fernando Garcia zela. Egun, bi poliziak 60 urteko zigorra ari dira betetzen. Beste auzi ezagun batzuetan justiziarik ez da iritsi, baina krimen zantzuak aurkitu dituzte. Oliverio Castañeda ikasle-buruak jasandako jazarpena erakusten duten argazkiak aurkitu dituzte artxiboan. Irudietako batean X batekin ageri da, helburu gisa seinalatua. 1978ko urriaren 20an erail zuten.

Herritar ororen eskura dago artxiboa. Ministerio publikoak jotzen du nagusiki informazio sarbidera, ikerketa kriminala bere esku dagoelako. Baina biktimen senideek, bizirik irten zirenek eta hainbat erakundek ere erabili ohi dute. Senitarteko askori krimena soilik ez, senidearen izatea bera ere ukatu izan zaie, hari buruzko erregistro guztiak desagertuak zirelako. Meoño oraindik ere harritu egiten da familia batentzat zeinen lasaigarria den kide baten arrastoren bat aurkitzea artxiboan: «Hemen informazioren bat topatzeak balio sendagarri ikaragarria dauka».

Guatemalan jardunean diren egiaren batzorde biak —REMHI, Eliza Katolikoa buru duena, eta CEH, Nazio Batuen agindupekoa— bat datoz: 1975-85 bitartean izugarri ugaldu ziren giza eskubideen urraketak Guatemalan. Agiriak berreskuratzeko orduan, urte tarte hori lehenestea ahalbidetu du horrek. Lan artatsua eskatu du agiriak berreskuratzeak: eraikinaren maketak, poliziaburuen egituren eskemak eta behar bezala etiketatutako kutxa ugari. Oraindik ere, sailkatu gabeko paper hezearen usaina darien gelak daude eraikinean.

Ahanzturaren kontrako gudua

Izugarri handia izanagatik, polizia artxiboak ez du ahalbidetzen gatazka armatuak iraun zuen hiru hamarkadetan estatuak egindako gerra zikin guztia azaleratzea. Armadaren ekintzek, nekazarien eremuetan, 660 sarraski utzi zituzten, Argitze Historikorako Batzordearen arabera. Polizia Nazionala izan zenaren artxiboetan, baina, krimen horien arrastorik ez dago. Hala eta guztiz ere, Meoñoren ustez, halako artxibo batera mugarik gabeko sarbidea izateak aukera eman du «memoria historikoa oinarri sendo batzuen gainean berreskuratzen saiatzeko eta egia argitzeko, agiri ofizialak aintzat hartuta». Ukatu egin nahi izan den egia bat, giza eskubideen urraketez gain «estatuaren terrorismo ekintzak ere agerian uzten dituena», Meoñoren esanetan.

Orain arte 15 milioi agiri digitalizatu dituzte, eta, iazko abendutik, lagin bat salbu eta eskuragarri dago web atari batean, Texasko Unibertsitateari esker (AEB). Guatemalan, herritar orok du sarbidea Poliziaren historiara. «Komunismoaren aurkako ideologian» oinarritutako errepresioaren historiara, Edelberto Torres-Rivas soziologoaren arabera: «Komunista zein den eta zein ez argitzeko zailtasunaren aurrean, indarkeria gizarte osoaren aurka erabili zuten». Hala erakusten dute REMHI elizaren egiaren batzordeak argitaratutako datuek, zeinak krimenen %93 estatuari egozten baitizkio. Diktadurako garairik gogorrenean presidente izan zena, Efrain Rio Montt, genozidioagatik epaitzen ari dira egun Guatemalan bertan. Baina azken hauteskundeetan kontra-iraultzan ibilbide luzea eginiko jeneral batek irabazi zuen. 1982an, egungo presidente Otto Perez Molina operazio buru aritu zen Ixilgo triangeluan, herrialdearen ipar-mendebaldean, zibilen hilketa ugari egin zituzten garai eta eremuan.Torres-Rivasen arabera, Guatemalan «ahanzturaren kontrako gudua» jokoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.