Mitt Romneyk garaipen arrakastatsua erdietsi du New Hampshire estatuan, AEBetako errepublikanoen primarioetako bigarren lehian. Botoen %40 jasotzeari eskerrak, hautagai sendoena dela berretsi du, baina aurkarien emaitza kaskarrek are gehiago bistaratu dute haren garaipena. Massachusettseko gobernadore izandakoak auzoko estatuan lortutako nagusitasunak, ordea, ez dio ziurtatzen errepublikanoen presidentetzarako hautagai izendapena, nahiz eta horretarako ezinbestekoa izan duen.
Han bere alde zuen ia dena, bere jarduera moderatuaren alde, beste hainbat estatutan ez bezala. Rommeyk ez du konbentzitzen, eta agerian geratu da, berriz ere, errepublikanoek ez dutela Etxe Zurira eramango dituen buruzagi indartsurik: aurkari ahuletan banatuta dago kontserbadoreen hautua, eta alderdiaren sendotasuna jokoan dago.
Eta Romneyk kontra duen kanpainaren bidea ez da amaitu. Oraingoz, bere ibilbidea suntsitzeko aurkarien jarduna itzaltzealortu du: proposamen ekonomikoetarako gaitasunik eza, eta berriz, lanpostuak desagerrarazten iraganean izan duen gaitasun izugarria agerian uzten saiatu dira New Hampshiren ere. Horregatik, joan den asteartean nagusitasuna zuela ziurtatu bezain laster, bere izen ona zikintzeko lanik ez hartzeko eskatu zien gainerako hautagaiei: Obamaren kontra merituz aritzeko, ez beraren kontra eginda. Romneyk, dikurtso berean, Obama kritikatu zuen, jadanik bera izango balitz bezala presidentearen kontra ariko dena datorren azaroko hauteskundeetan.Baina oraindik bide luzea du.
Romneyren atzetik bigarren Ron Paul geratu da (%23), eta ondoren, Jon Huntsman (%17). Haien atzetik, oso atzean, Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidente ohia eta Rick Santorum (%10), zeina Iowan Romneyren atzetik zortzi botoren aldearekin geratu zen. Rick Perryk ez du ia kanpainarik egin, eta bera izan da azkena. Gingrich, Santorum eta Perry, New Hampshireko herritarrentzat kontserbadoreegiak dira; ez, ordea, datozen lehietako boto-emaile askorentzat. Hego Carolina ez da New Hampshire. Tradizionalagoa da, eta kontserbadoreenentzat Romney ez da fidagarria. Horregatik asteazkenetik bertatik hautagaiok Hego Carolinara bideratu dituzte kanpainak, hilaren 21eko hitzorduari begira.Hego Carolinan eskuin erlijiosoak indar handia du, eta han irabazi beharra dauzkate Tea Partykoak ere.
Errepublikanoen krisia
Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako azken hauteskundeetan Barack Obamak sekulako astindua jasan zuen, neurri handi batean Tea Partyren inguruan bildutako interes kontserbadoreenei esker, baina gerora talde horren eragiteko gaitasuna ezkutuan geratu da, batez ere erakutsi duelako arerioa suntsitzen indartsuagoa dela gobernatzeko proposamenak egiten baino. Arerio karismatiko baten gabezia dela-eta errepublikanoek gobernua irabazteko aukerak gutxitzen ari da, eta kontserbadoreenei Romneyren alde egitea kostatzen ari bazaie ere, gero eta politikari gehiago jarri zaizkio alderdian kanpaina egiten; kongresistak eta senatariak, hain zuzen, alderdiaren etorkizuna bermatzearren.Bera da, gainera, hautagaietan diru gehien duena kanpaina arrakastatsua bideratzeko.
Baina Romneyren ideia ekonomikoak oso eztabaidatuak dira. Besteak beste, egun AEBek dituzten arazoei aurre egiteko eduki gabeak dira, esaterako, The Wall Street Journal-entzat. Ez dago, oraindik, ezer erabakita.
Errepublikanoen presidentetzarako hautagaitza sendotu du Romneyk
New Hampshireko botoen %40 jasota ere, ez du AEBetako errepublikanoen buruzagitza ziurtatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu