Porrot egin zuen Kataluniako presidente berria izendatzeko lehen inbestidura saioak, iragan ostiralean, eta bihar izango dute bigarrena. JxC Junts per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana alderdien artean adostasunik ez dago oraindik, eta Kataluniako prozesuan Errepublikaren Kontseiluak izan beharreko eginkizunaren ingurukoa da korapilo nagusietako bat. Hori askatzeko asmoz, ohar bat argitaratu du gaur erakunde horrek. Bere buruari zilegitasuna aitortu dio, baina, era berean, «gobernantzaz eta egituraz» alderdi independentistekin eztabaidatzeko prest agertu da. Lehenbailehen erakundeko ordezkariekin biltzea proposatu die JxC, ERC eta CUP alderdietako ordezkariei nahiz ANC eta Omnium Cultural erakundeetakoei. Errepublikaren Kontseilua Toni Comin presidenteordeak eta beste bi kidek ordezkatuko lukete.
«2017ko urriaren 1eko erreferendumaren emaitzatik abiatuta, errepublika independente bat eraikitzeko gure instituzioek hartutako erabakia defendatzeko sortu zen Errepublikaren Kontseilua», erakundeak berak gogoratu duenez, eta haren helburuak betetzeko «beharrezkoak diren estrategiak» bultzatzea da bere zeregina. «Kataluniako errepublikaren aitortza lortu arteko oldarraldi demokratikoa bultzatzeko instituzio errepublikar baten beharretik» sortu zen, oharrak dioenez. «Kataluniako gizartearen subiranotasunerako oinarria jartzen den espazioa» da egun, Carles Puigdemont buru duen erakundearen arabera, eta Kataluniak Espainiako Estatuarekin duen «konfrontazio saihetsezina» irabazteko egin beharrekoa «eztabaidatzea eta lantzea» beharrezkotzat ikusten du, «2017ko urriaren 27an eten zen bidea berrartzeko».
«Gainezkatze demokratiko» baten bidez egin nahi du bide hori, baina aitortu du horrek gidaritza politiko bat eskatzen duela, eta independentismoaren barneko erakunde nagusiak ordezkatuta egotearen garrantzia nabarmendu du: «Kide anitzeko zuzendaritza politiko horrek zilegitasun handiagoa izango du eta eraginkorragoa izango da, legezko esparru instituzional eraginkor baten barruan txertatzen bada». Erakundeak independentismoa osatzen duten alderdi eta erakunde nagusien aitortza izateko, bere «gobernantza birformulatzeko» beharra ikusi du, bere barneko organoen «funtzio zehatzak» definitzeko. Eztabaidak horretarako balio izatea nahi dute hura osatzen duten kideek. Era berean, «birdefinizio» horren emaitzak Errepublikaren Kontseilua bere legedian eta egituran aldaketak egitera eraman dezakeela azaldu dute, betiere, erakundea osatzen duten kideen onespena jaso ondoren.
«Prozesu independentista modu eraginkorrean amaitzeko» akordio baten beharra azpimarratu du erakundeak, eta independentismoak azken hauteskundeetan botoen %52 jaso zituela gogoratu du.