Nazioarteko prentsan tarterik ez duten leku andana horietako bat da Zisjordania. Bilin herrixkan, baina, komunikabideen arreta piztea lortu dute azken urteotan. Herrixka horretan bizi diren palestinarrek, ostiralero-ostiralero, banaketa hesiaren kontrako protesta egiten dute, modu baketsuan, eta irudimena erabilita, eta horixe izan da kazetariak erakartzeko modua. Bilin herrixka oso emana dago erresistentziari, Israel 2004an harresia eraikitzen hasi zenetik. «Garai hartan, komunikabide guztiak Intifadari begira zeuden, baina harresia eraikitzen ari ziren zenbait tokitan, eta gure herrian lurren %60 konfiskatzekoak ziren. Egunero manifestazioak egitea erabaki genuen, eta hainbat sinbolo erabiltzea: burdin hesian sartuta agertzen ginen, upeletan, eraikuntzako zilindroetan... Egun batean komunikabideak agertu eta harresiaz idazten hasi ziren».
Ijad Burnat ekimen horren antolatzaileetako bat da. Dioenez, lorpenik handiena 2007an izan zuten: Israelgo Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zuen Bilingo lurretako harresia. «Badakigu israeldarren okupazioaren hiru zutabeak armada, komunikabideetako propaganda eta kanpoko herrialdeekin eginiko merkataritza hitzarmenak direla, eta, horren ondorioz, beste herrialde batzuek ere badute zerikusirik okupazioarekin», ziurtatu du Burnatek. «Lotura ekonomiko horien kontra boikotaren bidez egiten dugu, eta propagandaren kontra, komunikabideak erakartzen ditugu eta zer egiten dugun erakutsi. Harremanetarako zerrenda luze bat dugu, eta gertatzen den guztiaren informazioa bidaltzen diegu, gertatu eta handik hamabost minutura. Israelek badaki hori, eta, horregatik, azken urteotan gurekin itxura zaintzen saiatu da; esaterako, orain ez gaituzte torturatzen atxilotzen gaituztenean».
Armadari dagokionez, honela mintzo da Burnat: «Orain dela gutxi, Israelgo irrati batean esaten ari ziren Bilingo manifestazioak zapaltzea milioika shekel kostatzen zaiola Israeli urtean. Herrixka guztiek berdin jokatuko balute, azkenean Israelek ezingo luke kostu hori onartu». Oraingoz, Bilingo ekimena, dela iraunkortasunagatik dela sormenagatik, beste hamabost herrixkatara zabaldu da, haiek ere ez baitute itxaron nahi beren liderrek estrategia irmo bat izan arte. «Gure politikariek negoziazioetan bakarrik sinesten dute, baina nola luzatuko diote eskua kosta ahala kosta kokalekuak eraikitzen segituko duela dioen bati? Bilinen ez dugu nahi kanpotik dirua ekartzea, manifestazioek ez baitute gasturik sortzen: lider sendo bat nahi dugu». Alde horretatik, nazioarteko komunitatearen jokaera ere kritikatu du Burnatek: «Ezer ez da aldatu [George] Bushi zapata bat bota ziotenetik [Barack] Obamari Bakearen Nobel saria eman zioten arte». Okupazioaren kontra lortutakoa herri xeheak lortu du; Bilingo herri xeheak, besteak beste: «Herrixka bateko 1.800 lagunek bataila batzuk irabazi dizkiogu munduko armadarik onenetako bati», borobildu du, harro.
Atxiloketa ugari
Erresistentziaren aldeko borrokak, baina, izan du tartean oinazerik ere. Israelgo Auzitegi Militarrak oraindik ere atxilotu eta kartzelan sartzen baititu ekintzaile palestinarrak: ia ez du frogarik eskatzen akusazioak egiteko, baina beti onartzen ditu zigorrak gogortzeko armadak egiten dituen eskaerak. Auzitegi horretan bi saio egin berri ditu armadak; Abdula Abu Rahmari urriaren 11n ezarritako urtebeteko kartzela zigorraren kontra helegiteak aurkeztu ditu. Abu Rahma protesten antolatzaileetako bat da, eta armadak bi urtean eduki nahi du kartzelan. Abdularen anaia Bassem Abu Rahma iazko apirilean hil zuten: manifestazio batean, soldadu batek bularrean jo zuen, hogei metrotik, 800 metroko helmena duten gas pote horietako batekin. Abdulari, berriz, xaxatzea, legez kanpoko manifestazioak antolatzea, harriak botatzea eta armak edukitzea leporatu zioten iazko abuztuan. Armak edukitzea, hain zuzen, soldadu israeldarrek erabilitako gas pote eta jaurtigailuen erakusketa bat antolatzeagatik egotzi zioten. Azken bi akusazio horietan errugabea zela erabaki zuten: «Izan ere, nahiz eta soldaduek manifestazio guztiak grabatzen dituzten, ez ziren gai izan akusazioetako bi frogatzeko, eta horrek erakusten du arrazoirik gabe atxilotzen gaituztela», ziurtatu du Burnatek; orain, behintzat,libre dago Burnat.
Asteroko protesten beste antolatzaile bati, Adib Abu Rahmari, hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra jarri zioten, eta 1.200 euroko bermea, urriaren 21ean. Epaia jaso baino hiru hilabete lehenago, Adibek betea zuen hasieran ezarritako urtebeteko kartzela zigorra, baina, askatu behar zuten egunean bertan, Israelgo Auzitegi Militarrak onartu egin zuen armadak zigorra gogortzeko aurkezturiko helegitea. Adib Abu Rahma beste hiru hilabete egongo da espetxean. Ironikoa da, baina aste horretan bertan israeldarren bulldozerrek berriz ekin zioten lanari harresia beste toki batera eramateko, Israelgo Auzitegi Gorenak Bilingo lurretatik pasatzen den hesia legez kanpokotzat jo eta handik hiru urtera. Herriko biztanleek ehun bat hektarea berreskuratuko dituzte, baina 130 konfiskaturik geratuko dira.
Bilingo hiru herritar daude gaur egun espetxean banaketa hesiaren, okupazioaren eta lurrak konfiskatzearen kontra manifestatzeagatik. Adid da haietako bat. Ibrahim Burnat -hamar hilabetera zigortua eta bederatzi beteak dituena- eta Abdula Abu Rahma -lehen aipatutakoa- dira beste biak.
Abdula Abu Rahmaren kontrako akusazioak aurkeztu eta gutxira, Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi ordezkaria kezkaturik agertu zen atxiloketa hori «ez ote zen izango modu bat hari edo beste palestinar batzuei harresiaren kontra modu baketsuan protestatzeko duten zilegizko eskubidea kentzeko». Era berean, urriaren 20an, estatu kideek Jerusalemen eta Ramalan dituzten ordezkari eta kontsulek adierazpen bateratu bat egin zuten, Abu Rahmari urtebeteko kartzela zigorra ezarri izana gaitzetsiz; hala, nabarmendu zuten harresia legez kanpokoa dela, Abu Rahma giza eskubideen aldeko ekintzailea dela eta protesta baketsuetan parte hartzen ari zela.
«Mundu guztiak, hitzez, babesa ematen digu, baina gero hori ez da gauzatzen ezertan», azaldu du Burnatek. Atxilotuen etorkizunari dagokionez, uste du litekeena dela armadak gora jotzea epaiaren kontra; hasieran, armadak bi urte baino gehiago eskatzen zuen, «zigorra bukatzeko bi hilabete dituztelako». «Ez dakigu Israelek zer asmo duen, baina, aske uzten dituztenean, seguruenik beste antolatzaileetako batek egin behar izaten duena egin beharko dute: Mohamed Jatib behartuta dago ostiralero polizia etxera joatera, ikus dezaten ez dabilela manifestazioan». Burnatek badaki oso zorte ona izan duela: «Orain dela urte eta erdi, herriko lau gaztetxo atxilotu zituzten; beldurtu egin zituzten, eta, azkenean, esan zuten ni antolatzaileetako bat nintzela. Banderak banatzen nituela esan zuten, besterik ez. Geroztik, ikastaro batzuk egin ditugu haurrentzat, atxilotzen dituztenean jakin dezaten zer eskubide dituzten, eta sekula ez dezaten hitz egin abokaturik gabe».
ZISJORDANIA. BILIN
Erresistentziaren herrixka
Israel eraikitzen ari den banaketa hesiaren kontrako protesten ikur bihurtu da Bilin; Zisjordaniako herrixka horretan, ostiralero-ostiralero, irudimena baliatuta, manifestazioak egiten dituzte, eta ekimena beste hamabost herri palestinarretara zabaldu da orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu