Barack Obamak galdua zuen indarra berreskuratu duela da albistea AEBetan, errepublikanoek hauteskundeen garaipenarekin eragindako gainbehera gainditzen hasteko moduan jarri duela Arizonako sarraskiak, eta berak ondoen egiten dakiena baliatu duela horretarako: «hitzaldi hunkigarria», orain arte egin duen«gogoangarriena», New York Times egunkariarentzat.Jared Lee Loughner gazteak Tucsonen hil eta zauritu zituenak gogoan, Obamak sarraskia batzuk besteen kontra jartzeko ez erabiltzeko eskatu die estatubatuarrei, eta politikariei polarizazioa baztertuta «errespetuzko aro berri bat hasteko garaia» dela esan die.
Une txarretan nazioak —errepublikano izan edo demokrata— «bat egiteko» duen gaitasunaz hitz eginda bereganatu ditu herritarrak, eta horri larunbateko tiroketak estatubatuarrengan sortutako samina gehituta, emaitza ezin hobea lortu du. Tonu serioa eta lasaia erabilita, indartsu eta hunkituta amaieran, herritarren babesa lortzeko aukera aproposena ikusi dute demokratek.
Hitzaldiak itxura politikoa ez duela aditzera eman badu ere, kontrakoa izan da Obamarena, eta aukera eman dio lekua hartzeko eta arreta erakartzeko presidentetzak jartzen dizkion agendatik kanpo, eta, gainera, biktimen omenez, osasun erreformari buruzko eztabaida atzeratu egin dute Ordezkarien Ganberan.
Deia errepublikanoei
Arizonan hildako eta zauritutakoen ondorioz «politikariok lezioa ikasita» beharko luketela uste du Obamak, alde batek bestea etsaitzat jo gabe. Errepublikanoei eta zehazki Tea Partykoei deia izan da. Hain zuzen, AEBetan konfrontazio politikoaren inguruan sortu den eztabaidaren harira, eta Tea Partyri egin zaizkion kritiken ondorioz, Sarah Palin liderrak erantzun du kazetariak «odol libeloa» bota dutela bere kontra, Pazkoan juduek kristauen odola edaten zutenari erreferentzia eginez. Judua da Gabrielle Giffords kongresista, eta kritikak hasi dira Palinen kontra.
«Errespetuzko aro berri bat hasteko garaia da», Obamaren ustez
Tucsongo tiroketaren harira egindako hitzaldiarekin sasoia berreskuratu duela esan dute AEBetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu