Erresuma Batuak ere galdeketetan tratu txarrak erabiltzen dituela salatu dute

Irakeko gerra ikertzeko batzordeak Tony Blair lehen ministro ohia deituko du berriro, argibideak ematerat

Erredakzioa
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
WikiLeaks informazio ezkutuak plazaratzen dituen Internet guneak berriki eginiko salaketak egiazta ditzake Erresuma Batuko armadak baliatzen duen gidaliburu berezi batek. Ezen The Guardian egunkariak atzo zabaldutako albiste baten arabera, Iraken dauden soldadu britainiarrek presoak galdekatzeko gidaliburu nahiko adierazgarri bat eskuko daukate. Horretan gomendatzen da tratu txarrak erabiltzea atxilo hartutako ustezko gerrillari edo jazarleak galdekatzeko.

The Guardianek plazaratutako pasarteetan aholkatzen da atxilotuen «umilazioa, segurtasunik eza, nekadura, estualdia eta izua eragin edo piztea» itaunketan. Galdekatuak egoera horretara eramateko jokabide eta teknikak ere zehazten dira, hain zuzen, gidaliburuan. Egunkariak kontsultatu dituen adituek azaldu dute jokaera horiek, itxura guztien arabera, gerra presoei bermeak ematen dizkien Genevako Hitzarmena urratzen dutela.

Gerraren legezkotasunaz

Soldadu britainiarrek ustez Iraken baliatzen dituzten egitate horien inguruan galdekatu dezakete Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia. Izan ere, Irakeko gerraren nondik norakoak ikertzeko eratu den batzordearen galderei erantzutera deitu dute bigarren aldiz. John Chilcot buru duen ikerketa batzorde horrek urte honen hasieran galdekatu zuen Blair.

Iragan urtarrilean egindako entzuketa hartan, gobernuburu britainiar ohiak ukatu egin zuen Iraken inbasioan parte hartzeko erabakia 2002. urtean hartu zuela AEBetako orduko presidente George W. Bushekin batera hitz egin eta gero.

Horren haritik, Tony Blairren bigarren galdeketa horren berria zabaldu duen The Times egunkari britainiarrak zehaztu du lehen ministro ohiari Irakeko gerraren legezkotasunaren inguruko galderak egingo dizkiotela berriro. Horrek arriskuaz ohartarazi zuen gobernuburu izandakoa Peter Goldsmith fiskal gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.