Giles Paxman Erresuma Batuak Espainian daukan enbaxadoreak berretsi du bere herrialdeak errespetatu egingo duela Eskoziako independentzia erreferenduma, "baina oraindik asko dago negoziatzeko". Haren arabera, Eskoziak galdeketan burujabea izatea erabakitzen badu, independentzia gauzatzeko zenbait baldintza finkatu beharko lirateke.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak duela aste batzuk jakinarazi zuen 2014ko udazkenean egingo dutela independentziari buruzko erreferenduma. David Cameron Erresuma Batuko gobernuburuak aurretik eskatu zion galdeketa 2013an egiteko.
"Eskoziako herritarrek euren etorkizun konstituzionala erabakitzeko eskubidea dute. Galdeketa modu legezko eta justuan egin dadila nahi dugu guk", esan du Paxmanek gaur, Madrilgo hitzaldi batean. Uste du gaur egun baiezkoak irabazteko gehiengorik ez dagoela Eskozian.
Espainiaren kontrako jarrerak eraginik izan al dezakeen galdetu diote Erresuma Batuko enbaxadoreari, eta ezezkoa erantzun du. "Eskozia eta gu ados jartzen bagara, Espainiak ez du ezer esatekorik izango, ez du eraginik izango".
Madrilgo ekitaldian izan da Rafa Larreina Amaiurreko diputatua, eta elkar agurtu dute bukaeran.