Eskoziako independentzia erreferenduma

Erresuma Batuan jarraitzea erabaki dute eskoziarrek

Parte hartzea oso handia izan da, %84,59koa BBCren arabera. Barruti gehien-gehienetan independentziaren kontrako joera nagusitu da, eta, Glasgown —hiri jendetsuenean— nagusitu bada ere, garaipena urrun geratu zaio independentismoari.

Edinburgon, bozkaleku bateko arduradunetako bat, botoak zenbatzen. ANDY RAIN, EFE
Jon Ordoñez - Jon Olano
2014ko irailaren 19a
19:35
Entzun

Highlandseko emaitzak zenbatuta, ofiziala da emaitza; eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitzea lehenetsi dute, botoen  %55,3rekin. 2.001.926 boto eskuratu ditu unionismoak, eta 1.617.989 independentismoak; 380.000 gutxiago, beraz. Zenbatutako 32 barrutitatik soilik lautan nagusitu da baiezkoaren aldeko joera, eta, horien artean Glasgow —biztanle gehien duen hiria— badago ere, independentzia zaleek ez dute behar bezainbesteko alderik lortu balantza orekatzeko.

Parte hartze tasa oso handia izan da herrialde osoan; %84,59, batez beste. Hain zuzen, Glasgown izan da parte hartze tasa apalena izan duen barrutia, eta bertan independentismoak emaitza hobeak eskuratzea espero zen. Abstentzioak independentziaren aldeko joerari egin dio kalte, beraz. Edinburgon, Eskoziako hiriburuan, espero zena gertatu da; aise nagusitu da unionismoa, botoen %61 jasota.

Hau da BERRIAk eginiko unean uneko kontakizuna:

07:00. Botoen zenbaketari buruzko daturik ez da izan ezezkoaren garaipena ia ziurtzat eman denetik, baina hasi dira berriro ere datuak jakinarazten. Edinburgon, hiriburuan, alde handiz irabazi du ezezkoak, espero zen bezala; %39 baiezkoaren alde, eta %61 ezezkoaren alde. Aberdeenshiren, adibidez, baiezkoaren alde egitea espero zen, eta %60 boto jasota nagusitu da ezezkoa. Emaitza orokorra %55,34koa da ezezkoaren alde.

06:30. Etsipen giroa da nagusi Yes Scotland kanpainaren egoitzan.

06:25. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministrordearenak dira lehen erreakzioak. Esan du emaitzak ez duela status quo-aren babesik adierazten, eta "aldaketa" aldarrikapen bat dagoela.

06:15. Azken txanpan sartzen ari da boto zenbaketa, eta ezezkoak gero eta gertuago du garaipena. 425.803 boto behar ditu irabazteko. Besteak beste, East Ayrshiren ere irabazi du azken minutuetan ezezkoak.

06:05. 24 barrutitako botoak zenbatu dituzte, eta 200.000 boto baino gehiagoren aldea du ezezkoak baiezkoarekiko. South Ayrshirekoa da zenbatu dituzten azken barrutietako bat, eta han ere ezezkoa da nagusi: %58.

05:55. Glasgown irabazi du baiezkoak (%53), 25.000 botoren aldearekin. Hori baino gehiago behar du, ordea, baiezkora gerturatzeko.

05:45. North Lankashiren lortu du baiezkoak gaueko hirugarren garaipena (%51,07). Perth eta Kinrossen, ordea, %60 boto jasota irabazi du ezezkoak. %55,3 dira ezezkoaren aldeko botoak.

05:38. Garaipenak pilatzen jarraitzen du ezezkoak: Clackmannanshiren %54 independentziaren kontra.

05.30. Angusek ere ezezkoaren alde egin du; %56. Dumfries eta Gallowayn botoen %65.67rekin nagusitu da ezezkoa, eta baita East Renfrewshiren ere (%63). Aberdeenen urrats garrantzitsua egin du unionismoak, botoen %58 lortuta. Aldea zabalduz doa ezezkoa.

05.22: Falkirken ere ezezkoa izan da nagusi (%53). Zenbaketa orokorrean %53,18 dira ezezkoaren aldekoak, eta 45.000 botoren aldea dute independentziazaleekiko. Hamabi barrutitatik bitan baino ez du garaipena lortu baiezkoak.

05:15. East Lodhian barrutian, ezezkoak 44.283 boto bildu ditu (%62) eta baiezkoak 27.467 (%38). Stirlingen ere aise nagusitu da ezezkoa (%60). 11 barrutitako botoak zenbatu dituzte, eta %53,13 dira ezezkoak oraingoz.

05:10. West Dunbartonshiren bigarren garaipena lortu du baiezkoak (%53), baina ezezkoa nagusitu da Midlothianen (%47). %1,9ren aldea dago oraintxe; 9.000 boto baino ez.

04:55. Bi barruti, eta lehen garaipena baiezkoarentzat. Dundeen, botoen %57 lortu du baiezkoak. Renfrewshiren, berriz, ezezkoa da nagusi: %53. Hori horrela, emaitza orokorra %50,91koa da ezezkoaren alde.

04:45. 32 kontaleku daude, eta lehen bostetan ezezkoak irabazi du. Inverclyde-n ezezkoak irabazi du botoen %50,1ekin, eta kontaketa orokorrean aldea une honetan %45-%55ekoa da, independentziaren kontra. Azken emaitza horien aurretik, ordea, %42-%58koa zen alde hori, baina lehen bozkalekuetako botoak oso gutxi ziren, eta, orduek aurrera egin ahala, geroz eta hautesbarruti handiagoek emango dute emaitza.

Lehen emaitzak 02:30ean

Espero zen bezala, kontaketaren lehen datuak 02:30ean iritsi dira. Boto-emaile gutxien zuten barrutiak ziren, baina hasieratik ezezkoa nagusitu da Eskoziak independente izan beharko lukeen galdetuta. Orkneyn %67,2k baztertu du independentzia, Shetlanden %63,9k, Clackmannanshiren %53,8k eta Mendebaldeko Uharteetan %53,5ek. The Guardian eta Daily Mail-en arabera, ordura arteko  botoak zenbatuta %45ean zeuden independentziaren alde, eta azken emaitzan hala izan da: %44,7.

YouGov etxeak bozkalekuak itxi ondoren eman du lehen zundaketaren berri bart, eta, Twitterren jakinarazi duenez, horren arabera ezezkoak irabaziko zuen galdeketa, botoen %56rekin. Baiezkoa, beraz, %44an iragarri dute. Fin ibili dira horiek ere. 2.628 laguneko lagin bat hartu dute, botoa eman ondoren, eta horietatik 800ek postaz eman dute botoa.

The Times Londresko egunkariak 01:00ean iragarri du independentziaren kontrako emaitza. Azalera eraman du hori tituluan: "Ezezkoaren kanpainak garaipena aurreikusten du".

James Cook BBCko kazetariak Twitterren esan duenez, ordea, baiezkoaren aldekoak pozik zeuden Glasgowko emaitzekin, eta  01:00ean ordu eta erdi lehen baino baikorragoak ziren. Aintzat hartzekoa zen Glasgowkoa dela boto gehien zenbatuko zuen kontalekua. 483 boto kutxa iritsi dira hara, eta guztira 486.000 boto-emaile zeuden izena emanda galdeketan. Dirudienez, ordea, parte hartzea txikiagoa izan da han, eta ez da nahikoa izan ordura arte ezezkoak zuen aldea iraultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.