Erresuma Batuko finantzak sendotzeko, «zorrotz eta zintzo» arituko da Cameron

Gastu publikoa %25 gutxitu nahi duela berretsi du lehen ministro kontserbadoreak

Erredakzioa
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko finantza publikoak onbideratu eta sendotzeko politika «zorrotza baina zintzoa» egin beharko dela berretsi du David Cameron lehen ministro kontserbadoreak. Hala adierazi zuen atzo tory-en buruzagiak Alderdi Kontserbadorearen urteko kongresuan, Birminghamen. Austeritatean oinarritutako politika bat indarrean jarri behar zuela ekainaren 22an iragarri zuen Cameronek. Eta neurri zehatzak hilaren 20an emango dituzte ezagutzerat, Cameronen gobernuak orduan baititu zehaztuko aurrekontuak. Jakina da, baina, gastu publikoa %25 murriztu nahi duela kontserbadore eta liberalen arteko koalizio gobernuak.

«Gastu gutxitzea zaila izango da; egitasmo batzuetan murrizketak egongo dira, eta lanpostuak ere galduko dira», adierazi du Cameronek, Alderdi Kontserbadorearen kongresuko amaiera mintzaldian. «Arduraz jokatu nahi badugu, beste aukerarik ez daukagu», ohartarazi du lehen ministro britainiarrak. «Aurten bertan, 43.000 milioi libra [49.000 milioi euro] gastatu beharko ditugu zor publikoaren interesak ordaintzen bakarrik».

Izan ere, Erresuma Batuko defizit publikoa barne produktu gordinaren %10,1era iritsia da, eta, horregatik, munduko handienen artean da.

Haatik, joan den astelehenean iragarritako neurri batek hautsak harrotu ditu kontserbadoreen artean. Familia aberatsenei-zehazki, urtean 50.000 eurotik gorako errentak dituztenei- umeen hazteko diru laguntzak kentzea da neurri hori. Kontua da, baina, giza talde horretakoak kontserbadoreen aldekoak dire-la.

Afganistandik erretiratzea

Kongresuaren amaieran, gainera, Cameronek berretsi du tropa britainiarrak Afganistandik alde eginakizango direla 2015ean. «Ez gaude han demokrazia perfektu bat eratzeko asmoz», adierazi du, erretiratzearen haritik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.