Gobernuko krisiaren aurka soilik ez, nazioartean dagoen finantza krisiaren aurka aukera egokiena bera dela azaldu zuen David Cameronek atzo. Hori izan zen, hain zuzen, haren hitzaldiaren mamia, Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreak Birmingham hirian egin duen batzarraren azken egunean. Diskurtsoa ematen ari zela, herrialdeak «nortasuna eta zentzua duen lidergoa» behar duela esan zuen. Hala, herrialdea krisitik aldentzeko, guztien onespena izango duten neurriak alde batera laga eta luzerako onuragarriak direnak abian jartzeko prest dagoela esan zuen.
Hitz horiekin Gordon Brown lehen ministroak Alderdi Laboristaren bilkuran esandakoari erantzun nahi izan zion. Cameroni erreferentzia eginez, «ez da hasiberrientzako momentua», esan zuen Brownek. Krisi garaiotan laboristak gobernutik kentzeko unerik egokiena ez dela esan nahi izan zuen joan den astean Brownek.
Cameronek, bestalde, hain eskarmentugabea ez dela erakutsi nahi izan zuen atzo. Hiru urte daramatza kontserbadoreen buruzagitzan, eta alderdiak egoera ekonomikoa hobetzeko dituen hainbat proposamen aurkeztu zituen alderdikideen eta aldekoen aurrean.
Proposamen horietako lehenak, laboristen gobernuari tory-ek -izen hori ere ematen zaie Alderdi Kontserbadoreko kideei- egotzi dioten hankasartzea konpontzeko bidea emango luke. Brownen gobernuak «gehiegizko gastua» bultzatu duela uste dute kontserbadoreek. Horrek eragindu, haien ustez, maileguekin eta zor altuarekin batera, krisia.
Hala, laboristek «hankaz gora» jarri duten sistema zuzentzeko, zorra kontrolatzea proposatu du Cameronek. Ingalaterrako Bankuak izango luke ardura hori. Bere kontura erabaki ahal izango luke zorra mugatu edo ez, batzorde eragileari kontsultatu gabe. Proposamen horrekin, alderdiko buruak kontserbadoreen orain arteko jarrerarekin hautsi du. Izan ere, beti egin izan diote tory-ek uko Ingalaterrako Bankuaren independentziari.
Era berean, maileguak mugatzea eta zergak murriztea ere gobernuaren «betekizun ekonomikoa» direla esan zuen Cameronek. «Laboristen gasturako menpekotasunarekin amaitu behar da». Dirua aurrezte aldera, «zerbitzu publiko ez eraginkorrak» erreformatu beharraz mintzatu zen. Eta estatuaren jarduera ekonomikoa zaintzeko, Aurrekontuaren Ardurarako Bulegoa eratzea proposatu zuen.
Langileen botoen bila
Ez zuen, ordea, ekonomiaz soilik jardun. Klase ertainaren botoak eskuratzeko asmoz, neurri sozialak ere aipatu zituen Cameronek . Hori da kontserbadoreen apustua datorren urteko bozetarako: orain artean laboristen hautesle izan den klase ertaina bereganatzea. Tradizioz, Tory-ak dirudunen alderdikoak izan dira. Bide horretatik justizia sozialaz jardun zuen kontserbadoreen liderrak. Langabeentzat diru laguntzak aipatu zituen, esaterako, neurri horien artean. Eta alderdiaren ideia kontserbadoreen haritik, ezkontzen direnei ere diruz lagunduko diela agindu zuen gobernuburu izanez gero.
Erresuma Batuko krisia kudeatzeko «zentzuduna» dela dio David Cameronek
Kontserbadoreen kongresuan egoera ekonomikoa hobetzeko plana aurkeztu du alderdiko buruzagiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu