Erresuma Batua-NBE

Erresuma Batuko zerbitzu sekretuak Kofi Annan zelatatzen aritu zirela esan du ministro ohi batek

Clare Short Erresuma Batuko Nazioarteko Garapenerako ministro ohiak adierazi duenez, herrialde horretako zerbitzu sekretuek Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia zelatatzen aritu ziren Irakeko gerra hasi aurretik. Shorten arabera, Gobernuko kide zenean Annani egindako grabazioen transkripzioak irakurri zituen. Gaur bertan, NBEko zenbait kide espiatu zituztela esan zuen Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen agente ohi bat kargurik gabe aske utzi dute, eta egoera horretaz baliatu da adierazpen horiek egiteko.

2004ko otsailaren 26a
17:56
Entzun
"Kofi Annanen hitzekin osatutako zenbait idazki irakurri nituen Gobernuko kide nintzela", adierazi du Shortek. "Entzunketak egiten dira, eta Kofiren bulegoaren kasuan, denbora batez egin dira", erantsi du. Halaber, Erresuma Batuko espiek entzunketa horietan parte hartu zutela zehaztu du. Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerako ministro ohiak Irakeko gerra amaitu eta segituan utzi zuen Gobernuko kargua, hain justu, Iraken okupazioarekin ados ez zegoelako.

Blairrek azalpenik ez

Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroa, berriz, Shorten adierazpenak "axolagabekeria handia" zirela esatera mugatu da, eta ez du akusazioen inguruko beste azalpenik eman. Izan ere, zerbitzu sekretuen lanari buruzko xehetasunak agertzea ez dela egokia nabarmendu du Blairrek. "Ez dut zerbitzu sekretuen lanari buruzko ezer esango. Aurretik beste lehen ministro batek ez du inoiz egin. Hala ere, jarrera hau ez dadila ulertu Clare Shortek esandakoaren baieztapen gisa", adierazi du Blairrek.

Blair lehen ministro laboristak Iraken okupazioaren inguruan sortutako hainbat eskandaluri aurre egin behar izan die azkenaldian, hala nola, 'Kelly auziari' zein Saddam Husseinen erregimenak suntsipen handiko armak zituela frotatu ezinagatik sortu zen debaten handiari. Shorten adierazpenek estuasunean jarri dute berriro Erresuma Batuko lehen ministroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.