Saudi Arabiako Barne Ministerioko bozeramaile Mansur al Turkik azaldu zuenez, pilaketa zubian ezarritako plataformetara igotzeko arrapalada batean izan zen. Harenustez, jendeak goiz egin nahi zuen erritua ilundu baino lehen etxera itzuli ahal izateko, eta jendea erruz pilatu zen hn goizaldeko lehen orduetan. Osasun ministroaren arabera, alta, etxera itzultzeko maletak eta fardelak zeramatzaten erromesek, eta horrek eragin zuen pilaketa. «Garrasiak entzun nituen eta ingurura begiratu nuen. Batzuk besteen gainetik ari ziren jauzi egiten eta gero eta jende gehiago gelditu zen azpian harrapatuta. Polizia etorri, eremua hesitu eta gorpuak ateratzen eta pilatzen hasi zen. Ezin izan nituen gorpuak zenbatu. Asko ziren». Suad Abu Hamada erromes egiptoarraren hitzak dira. Ihesaldiaren lekukoa izan zen. Zubiaren bi alboetan eta bide bazterretan dozenaka gorpu bildu zituzten tapakiekin estalita.Salbamendu taldeek zanpatuta zeuden dozenaka gorpu jaso zituzten eta gehienak asfixiatuta edo zapalduta hil zirela jakinarazi zuten. Asiako hainbat herrialdetatik joandako erromesak ziren hildako gehienak, hainbat iturriren arabera.Mekan mundu osoko bi milioi musulman baino gehiago bildu dira egunotan. Mekara gutxienez bizitzan behin joan behar dute musulmanek, euren osasunak eta baliabide ekonomikoek uzten badiete, bederen. Erromesaldiak hamabi egun irauten ditu orotara. Hatx izeneko erritua da, dena den, bereziena eta sakratuena. Erromesaldiaren bigarren zatia da. Mekatik bost kilometrora dagoen eta profeta hil zen herrixkara joan behar dute erromesek zortzigarren egunean: Minara. Arafat mendira igo eta barkamena eskatu ondoren itzuliko dira. Minan deabrua harrikatzeko erritua egingo dute ondoren. Hiru egunez errepikatzen dute ekitaldi hori sakrifizioaren egun handian eta hurrengo bietan.
Eremu arriskutsua
Jamarat zubian daude deabruaren tentazioa irudikatzen duten porlanezko hiru harresiak. Harabidean zehar bildutako zazpi harrixka bota behar dituzte. Idazki zaharrek diote harriek ezin dutela izan dilistak baino txikiagoak eta hurrak baino handiagoak.
Jamarat zubia zortzi bideko autopista baten zabalerako da gaur egun. Txiki gelditzen da, hala ere, egunotan. Eraikuntza berria baldin bada ere, handitzeko beharraz mintzatzen ari dira agintariak. Hamid Bin Abdala al Manei ministroaren hitzetan oso eremu arriskutsua da eta datozen urterako gehiago zabalduko dute. Zubiaren gainean bi plataforma ezarri izan dituzte azkenurteotan, handik zutabeak errazago harrikatu ahal izateko eta hondamendiak saihesteko.
Mekarako erromesaldietan ia urtero izaten dira horrelako ihesaldiak. 1990. urtean 1426 pertsona hil ziren tunel batean harrapatuta gelditu ondoren.
Kronologia
Mekarako erromesaldietan hondamendi ugari izan dira azken hogeita bost urteotan. Larrienak hauexek dira:
1975: Erromesentzako kanpaleku batean izandako sutean 200 pertsona hil ziren.
1987: Ameriketako Estatu Batuen politikaren kontra egindako manifestazioan 402 pertsona hil ziren, tartean 275 iraniar. Saudi Arabiako segurtasun indarrek manifestarien kontra tiro egin zutela salatu zuen Iranek. Riadek esan zuen, alta, gas negar-eragileak baino ez zituela bota, eta horrek izualdia eragin zuela.
1990: Meka eta Muna arteko bidean dagoen tunel batean 1.426 pertsona hil ziren asfixiatuta edo zapalduta.
1994: Mina mendian izandako izualdi baten ondorioz 270 pertsona hil ziren. Beste 559 lagun osasun arazoengatik hil ziren, batez ere intsolazioak jota.
1997: Meka inguruetan ezarritako kanpaleku batek su hartu eta 343 pertsona hil eta beste 1.500 zauritu ziren.
1998: Erromesaldiaren azken egunean izandako izualdian 118 pertsona hil ziren.
2001: Mina herrixkan izandako izualdiaren eraginez gutxienez 35 pertsonak galdu zuten bizia zapalduta.
2003: Erromesaldiaren azken egunean hamalau pertsona hil ziren ihesaldi batean harrapatuta. Mina herrixkan gertatu zen izualdia. Mekatik bost kilometrora dago Mina.
2004: Ihesaldi batean 251 lagunek galdu zuten bizia. Edadetuak eta umeak ziren hildako gehienak.
2006: Hilaren 5ean 76 pertsona hil ziren erromesentzako ostatu bat erorita. Atzo beste 345.