Finlandiako Porvoo ospitalean erditu zen haurraz Karin Sivela. "Haurdunaldia oso ongi joan zen. Klinikara maiz joaten nintzen; azken hilabetean astero, osasun azterketetara eta aholkularitzara. Etxetik gertu dago klinika; txikia eta familia girokoa da. Informazio pila eman zidaten". Erditzea ere ongi joan zen. "Anestesia epidurala eta oxido nitrosoa eman zizkidaten, bainuontzi bero batean eserita, eta dutxa bat hartu nuen minak kontrolatzeko. Senarra aldamenean izan nuen; Finlandian, salbuespena baino gehiago, araua da". Osasun langileen profesionaltasuna eta goxotasuna oso gogoan ditu. "Etengabe zegoen norbait zer moduz nengoen galdezka. Gainera, denek hitz egiten zuten suedieraz, nire ama hizkuntza".
Erditu eta bi egunera itzuli zen etxera Sivela. Bi egunera, ospitaleko langileen bisita jaso zuen etxean bertan, eta, gero, astero joan da klinikara azterketak egitera. "Segurtasuna ematen du edozein gairen inguruan galdetu eta eztabaidatzeko norbait izateak. Seguru sentitzen naiz, behar dudan babesa jasotzen dudalako".
Oso bestelako testigantzak entzun litezke milaka kilometro hegoaldera. Ez baita inondik inora ere gauza bera Finlandian edo Boli Kostan ama izatea. "Borrokaldien inguruko zurrumurruak zebiltzan azken hilabeteetan, baina gure herrian ez genuen halakorik ikusi. Nire gurasoek basora ihes egin nahi zuten. 'Gerra badator', esan zuten, eta mendian egotea seguruagoa izango zela pentsatu. Nik, aldiz, osabarekin herrian geratzea erabaki nuen, nire egoeran alde egiteak kezkatu egiten ninduelako". Haurdun zegoen Evelyn; 17 urte zituen, eta Boli Kostako jaioterrian geratzea erabaki zuen. Ez zen denbora askorako izan. "Gaua zen, eta lo ginen bizilagunak etxera etorri zitzaizkigunean. Kolpe bat entzun nuen lehenik, eta bala hotsak jarraian. Alde egiteko ordua zela esan ziguten, borrokaldiak gero eta gertuago ari zirela gertatzen".
Oihanerantz korrika hasi ziren auzotarrak, baita Evelyn ere. "Ez zen erraza ilunpean bidea ikustea". Bakoitzak ahal zuena egin zezala esaten entzun zuen osaba. Bakarrik zegoen. "Korrika eta korrika ibili nintzen; mina sentitzen nuen aldaka eta hanketan. Haurragatik kezka nuen, mendian bainengoen eta ez bainuen jateko egokirik edo kalitate oneko urik edateko". Boli Kosta eta Liberia arteko muga zeharkatzea lortu zuen, eta urruneko ahaide bat aurkitzea. Harekin geratu zen, eta bertan erditu zen.
"Hil ez nintzelako pozik nago, baina gaizki ere banago, espero bainuen Boli Kostan erditzea, familiaren eta mutil-lagunaren alboan. Ezkontzekoa nintzen". Familia non zen ez zekienez, ezin izan zien esan herritik ihes egin zuela, ezta bikotekideari ere. "Badakit nigatik kezkatuta egongo direla, eta ni ere kezkatuta nago haiengatik. Haurraren aitak, bikotekideak ere ez daki non nagoen. Ez du bere umea ezagutuko".
2010eko azaroko Boli Kostako hauteskundeetan, bi hautagaiek irabazletzat jo zuten beren burua, eta bakoitzaren aldeko indarren arteko borrokaldiak hedatu ziren herrialdean. Erasoaldiek beste iheslari uholde bat eragin zuten, eta Liberiara jo zuten askok babes bila —urte hartan hilabete bakarrean 46.000 zenbatu zituzten, aurrez erregistratutako 40.000 lagunei gehitu behar zaizkienak—. Evelyn izan zen horietako bat, eta ez da oraindik sorterrira itzuli. Haurrarentzat jana eta baliabideak lortzeak eta senideen ongizateak kezkatzen du gehien. "Nahi nuke bi hautagaiek jakitea beren erruz pertsona errugabeak hiltzen ari direla eta konponbide bat lortu behar dutela. Ez dute haiek sufritzen gatazkagatik; geuk sufritzen dugu".
Halako baldintzetan bizirik irautea nekeza bada, are zailago begitantzen da ama izatea bera. Evelynen testigantzak argi uzten du zergatik dauden Boli Kosta eta Liberia ama izateko munduko herrialderik okerrenen artean. Save The Children erakundeak kaleratutako zerrendan, atzetik hasita, hamargarren postuan da Boli Kosta, eta hamaikagarrenean Liberia. Erakundeak hamalaugarrenez kaleratu berri du State of The World's Mothers (Munduko amen egoera) txostena. Ama izateko 2013. urtean herrialde batean eta bestean dauden baldintzak alderatzen ditu azterketak, eta hainbat aldagai hartu ditu kontuan 176 herrialderen sailkapena osatzeko, hala nola amen egoera ongizateari, osasunari, hezkuntzari nahiz baldintza ekonomikoei dagokienez, eta amen zein haurren heriotza tasak. Boli Kosta eta Liberia baino atzerago, ama izateko egoera are okerragoan ageri dira zerrendan Txad, Nigeria, Ganbia, Afrika Erdiko Errepublika, Niger, Mali, Sierra Leona, Somalia eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. Sailkapen beraren beste muturrean, lehen postuan dago Finlandia, eta haren atzetik Suedia, Norvegia, Islandia, Herbehereak eta Danimarka. Amek emandako eta erakundeak jasotako testigantzetan ikusten dira argien batzuen eta besteen arteko aldeak.
Haurren heriotza tasa jaistea, erronka nagusia
Urtero, 60.000 emakume erditzen dira Finlandian, ia denak ospitalean. Amen eta umeen heriotza tasak munduko baxuenetakoak dira han —2011n mila umeko 2,9koa izan zen, eta amena zerokoa—. Herrialdeko sistema publikoaren onurak jasotzen dituzte Sivelak eta haren familiak, herritarren %99k bezala. Osasun sistemak beharrezko arreta osoa eskaintzen die familiei; bai arta oinarrizkoena, eta bai haurra jaio baino lehenagoko ikastaroak, elikadurari buruzko aholkuak eta bikoteen ongizate psikologikorako terapiak ere, besteak beste. Horri guztiari, haurra izateagatik gurasoek jasotzen dituzten diru laguntzak eta amatasun zein aitatasun baimenetarako eskubidea gehitu behar zaizkio, besteak beste. Amentzako kliniketara joatea da horiek jasotzeko baldintzetako bat. Oso bestelako egoera pairatzen dute milioika amak mundu zabalean. Boli Kostako adibidea ez da bakarra, zoritxarrez, ezta gutxiago ere.
Hainbat ondorio utzi ditu Save The Childrenen azterketak, eta nagusiki bat nabarmendu du erakundeak: bizitzaren lehen eguna dela haurrentzat eperik arriskutsuena, eta lehen egun horretako heriotza tasak jaistea dela erronka nagusiena, edozein herrialdetan. Urtean milioi bat haur hiltzen dira egun bizitzako lehen egunean. Aurrerapauso nabarmenak egin izanak itxaropena pizten du, baina baita egiteko asko dagoela erakutsi ere. Izan ere, 1990. urtean amen eta umeen heriotza tasak bi heren gutxitzea jarri zuen garapenerako milurteko helburuen artean Nazio Batuen Erakundeak 2015erako. Ordutik, hiltzen diren 5 urtetik beherako umeen kopurua %40 murriztea lortu da —12 milioitik 6,9ra—. 2011n hiru milioi haur hil ziren bizitzako lehen hilabetean —5 urtetik beherako hilen %43—, eta horietatik hiru laurden lehen astean. Amen heriotza tasa ere ia erdira jaitsi da azken hogei urteetan —urtean 543.000tik 287.000ra igaro da—. Aurrerapausoak aurrerapauso, kopuru izugarriak dira, oraindik orain.
Haurren heriotzen hiru arrazoi nagusiak identifikatu dituzte txostenean: erditzeko konplikazioak, jaiotze goiztiarrak eta infekzioak. Somalian dute haurrek lehen egunean hiltzeko arriskurik handiena, baina larria da egoera Kongoko Errepublika Demokratikoan, Malin eta Sierra Leonan ere, besteak beste. Lau herrialde horiek dira amentzat ere arrisku handikoenak erditzeko. Zerrendaren azken lekuetan Saharaz azpiko Afrikako herrialdeak nagusi diren arren, Asia Hegoaldean ere ama eta haurren heriotza tasa oso altua da oraindik; munduko populazioaren %24 bizi da han, eta lehen eguneko hamar heriotzatik lau gertatzen dira eskualde horretan. Amen hilkortasuna ere handia da oso, eta India da munduan kopururik altuenak biltzen dituena: urtero, 56.000 ama hiltzen dira erditze egunean. Bada atentzioa ematen duen datu bat: garapen bidean ez diren herrialdeen artean AEBek dute lehen eguneko heriotza tasa handiena. Zerrenda orokorrean 30. lekuan kokatzera eraman du herrialdea datu horrek, Singapur, Grezia eta Lituaniaren atzetik, besteak beste.
Latinoamerikari dagokionez, berriz, Kuba da ama izateko herrialderik hoberena —munduko 33.a—. Eskualde horren desoreken erakusle dira datuak —Haiti, esaterako, 164. postuan dago—, baina ondorio argi bat atera dute horietatik ikertzaileek: emakumeek hezkuntza, ordezkaritza politikoa eta kalitatezko osasun arreta dituztenean, bizirik irauteko eta aurrera egiteko aukera gehiago dituzte, baita seme-alabek ere. Munduko bazter guztietara zabaldu daiteke ondorio hori.
Datuak larriak izanik ere, aurrera egin duten herrialdeen kasuak ere aipatzen ditu txostenak. Esaterako, Malawik azken hogei urteetan jaioberrien heriotza tasa %44 jaistea lortu du. Malik, Tanzaniak eta Ugandak ere aurrerapauso handiak lortu dituzte osasun programak sustatuz. Singapurren kasua ere nabarmentzeko modukoa da: jaioberrien heriotzari dagokionez, munduko tasarik baxuenetakoa du, Zipre, Estonia, Islandia, Luxenburgo eta Suediarekin batera —mila jaiotzako 0,5etik beherakoak—. Beste adibide bat jartzearren, erditzean hiltzeko hamar aldiz arrisku gutxiago du ama batek Singapurren AEBetan baino.
Itxaropenerako neurriak
Hainbat neurri hartuta datuak asko hobetu daitezkeela ohartarazi du Save The Childrenek. Hala, osasun sistemak oro har hobetzearekin batera, guztien eskura jarri beharreko lau produktu aipatu ditu txostenean, 13 zentimo eta 6 dolar artean balio dutenak eta modu masiboan berehala zabal litezkeenak: esteroide injekzioak amentzat erditze goiztiarretan, umeen arnas arazoengatiko heriotzak saihesteko; suspertzeko gailuak, jaiotzean arnasa hartzen ez duten haurren bizitza salbatzeko; zilbor hestea klorhexidinarekin garbitzea, infekzioak saihesteko; eta injekzio bidezko antibiotikoak, jaioberritan sepsisa eta birikeria tratatzeko. Lehen hilabetean milioi bat haur bizirik ateratzea lortuko litzateke horrela.