Mundua

Errugabe, 30 urte heriotzaren korridorearen eman ostean

Espetxean izan da Glenn Ford 1984az geroztik, hiltzera kondenatuta.

Maialen Unanue
2014ko martxoaren 12a
10:57
Entzun

Louisianako (AEB) auzitegi batek errugabe deklaratu du Glenn Ford, hiltzera kondenatu eta 30 urtera. Isadore Rozeman bitxi-saltzailea hiltzea leporatu zioten Fordi 1984an. Ezagutzen zuen bitxi-saltzailea Fordek, harentzako lan egin baitzuen, lorategia txukuntzen. Baina, hasieratik, uneoro errepikatu zuen Fordek errugabea zela, berak ez zuela Rozeman hil. Azken 30 urteak, baina, espetxean eman ditu; horietatik 26, 1988az geroztik, heriotzaren korridorean egon da. The Guardian-en arabera, heriotzaren korridoretik libratu dituztenen artean, Ford da aske geratu aurretik urte gehien eman dituen presoa. Asteartean atera zen espetxetik Ford. "Pozik" zegoela baieztatu zuen, baina bazuela "erresumin pixka bat".

Rozemanen heriotzari buruzko informazio berries ondotik askatu dute Ford. Horien arabera, Ford ez zegoen Rozeman hil zuten lekuan heriotza gertatu zenean. 2013aren amaieran Forden abokatuak isilpeko iturri baten bidez, heriotzaren inguruko informazio berria jaso zuen: iturri horrek, Ford kargugabetu eta 1984an akusatu zituzten beste lagunetako bat inplikatu zuen.

"Arrazakeria zantzuak"

"AEBetako sistema judizialaren sistema akatsen erakusle da Forden kasua", adierazi du Amnesty International GKEak. "Arrazakeria zantzuak" ere nabarmendu ditu: "Gizon afroamerikar kondenatua, zuriek soilik osatutako epaimahai baten bidez". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.