Errumania

Errumaniako Gobernuaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin

Errumaniako Alderdi Sozialdemokratak Ludovic Orban lehen ministroaren gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa ez da onartu, oposizioko alderdiak gehiengo osorako zazpi botoren faltan geratu ostean. 

Ludovic Orban, Errumaniako lehen ministroa. EFE
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 31
13:09
Entzun

Errumaniako Alderdi Nazionalista Liberalak gidatutako gobernuak zentsura mozio bati aurre egin behar izan dio gaur, koronabirusak eragindako osasun krisiaren kudeaketa «desegokia» dela eta. Bada, Errumaniako Alderdi Sozialdemokratak gobernuaren aurka aurkeztutako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, gehiengo osora iristeko, gutxienez 233 ordezkarik alde bozkatu behar zuten, baina, pandemiaren eraginez, parlamentuan ez dira oposizioko alderdietako ordezkari guztiak egon, 226 baizik. Beraz, Ludovic Orbanek Errumaniako lehen ministro izaten jarraituko du. 

Errumania bete-betean pairatzen ari da pandemiaren bigarren olatua. Dagoeneko, 87.000 positibo atzeman dituzte herrialde horretan, eta, gaitzaren eraginez, 3.500 herritar inguru hil dira. Egoera horretan, Alderdi Sozialdemokratak zentsura mozio bat aurkeztu zuen Orban lehen ministroa buru duen gobernuaren aurka, eta gaur bertan egitekoa zen bozketa. Sozialdemokratak kritiko azaldu dira gobernuarekin, batetik, osasun krisian «behar bezalako» neurririk ez dutelako hartu, eta, bestetik, herritarren askatasuna «mugatu» dutelako, pandemia aitzakiatzat hartuta. Gutxiengoan agintzen duen egungo gobernuaren ahultasuna agerian dagoela-eta, Marcel Ciolacu alderdiburuak ziurtatu zuen oposizioko alderdi minoritario batzuen babesa zuela zentsura mozioa onartzeko. Alabaina, zazpi botoren faltan ez dira gehiengora iritsi.

Iazko azaroan, aldiz, justu aurkakoa jazo zen; Kontserbadoreek Viorica Dancila buru zuen gobernu sozialdemokrataren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuten, eta, ordutik, Orban da Errumaniako lehen ministro.

Irailaren 27an, udal hauteskundeak egingo dituzte Errumanian; abenduan, berriz, parlamentarioak, eta, ziurrenik, Orbanen Alderdi Nazionalista Liberalak irabaziko ditu, azken egunotan oposizioan mugimenduak egon diren arren. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.