ERRUSIA. GIZA ESKUBIDEAK. Errusia, izuaren inperioa

30 lagunetik gora atxilotu dituzte Moskuko Triumfalnaia plazan, biltzeko eskubidearen alde egindako kontzentrazioan

arantxa elizegi egilegor
2010eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Sobiet Batasuneko burdin hesiak duela hogei urte erori ziren, baina izuaren politikak indarrean jarraitzen du. «Errusia ez da estatu demokratikoa, ez da inoiz izan», diote giza ekintzaileek. Eta azken urtean Kremlinek bultzatutako legeek arrazoi ematen diete. Horietako batek eragin zituen atzoko istiluak ere. Dmitri Medvedev presidenteak eta haren ideologo eta aliatuak, Vladimir Putin lehen ministroak, ateak itxi nahi dizkiote oposizioari, eta helburu horrekin, biltzeko eskubidea ezinezko bilakatuko duen lege proposamen bat aurkeztu dute. Horren arabera, delitu administratiboak egin dituzten pertsona edo erakundeek -hasi abiadura muga gainditzetik eta txartelik gabe bidaiatzeraino- ezin izango dute kale protestarik antolatu; eta ahal dutenek ere ezingo dute ezer egin, ez eta ekimenaren berri eman ere agintarien baimena jaso arte -horiek hiru lanegun izango dituzte erantzuteko-. Putin eta Medvedeven Errusia Batua koalizioak Legebiltzarreko bi ganberetan gehiengo zabala duela da kezkagarriena, eta, beraz, legeak ez duela oztoporik izango.

Ekintzaileak, ordea, ez daude amore emateko prest. Ondorioz, iazko uztailean hasita, kontzentrazioak egin dituzte hileko 31. egunean -Konstituzioko 31. artikuluak jasotzen du biltzeko eskubidea-, Moskuko Triumfalnaia plazan. Atzokoa izan zen horietako bat, eta aurrekoetan bezala, Poliziak han bildutako 200 bat manifestariren aurka jo zuen, eta 30etik gora lagun atxilotu. Tartean, Elkartasuna mugimenduko buru Viktor Biriukov.

Aitzakiak, merke

Errusiako Gobernuak inoiz ez ditu baimendu 31. Estrategiak deitutako kontzentrazioak. Haiek ekimen bat aurkezten duten aldiro, beste ekitaldiren bat antolatzen dute Moskuren aldekoek toki eta ordu berean. Azkenekoan txirrindularien festa izan da; aurrekoetan, berriz, motorzaleen elkartzeak edo odol emateen aldeko bilkurak. Edozer, Kremlinen aurkako taldeei hitza eman baino lehen. Antolatzaileak, baina, dagoeneko ez dira Moskutik baiezkoa noiz etorri zain geratzen. «Errusia estatu autoritarioa da, baina autoritarismo biguna deitzen diot nik, batez ere Sobiet Batasuneko urteekin alderatuta. Hala ere, ez gaude estatu demokratiko batean, demokraziarako beharrezkoak diren oinarrizko elementu guztiak suntsitu dituzte», dio Ludmila Alekseevak, 31. Estrategiako sortzaile eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Adierazgarria da, halaber, segurtasun indarrei «delitu bat egiteko prestatzen aritzeaz susmagarri» direnak atxilotzeko eskumena ematen dien legea -hamabost egunez eduki ditzakete preso- aste honetan bertan onartu izana, giza ekintzaileen kontzentraziorako bi egun eskas geratzen zirenean. Araua «zehaztugabe» eta «arriskutsutzat» jo dute oposizioko kideek; aldiz, estatuburuaren hitzetan, «beharrezkoa» da herritarren segurtasuna bermatzeko. Atzerriko kazetari eta ordezkarien kritikei, baina, haserre erantzun die Medvedevek: «Herrialde bakoitzak bere legedia perfekzionatzeko eskubidea du».

Perfekziorantz

Lege proposamena ez da, baina, bere horretan sartu indarrean, bidean zenbait puntu ezabatu dizkiote; esaterako, komunikabideei «muturreko mezuak» helaraztea debekatzen ziena, eta segurtasun indarrei pertsona jakinei zuzendutako «abisuak» prentsan argitaratzea ahalbidetzen ziena. Baina horrek ez du «funtsezko aldaketarik» eragiten, Alderdi Komunistako diputatu Viktor Ilykhinen iritziz. Urrunago joan dira beste batzuk. «Formula ilunak erabiltzen dituen lege itsusia da. Esaterako, edanda dagoen segurtasun indarretako kide batek tirokatzen bazaitu, hamabost eguneko espetxealdira zigor zaitzakete ihes egiten saiatze hutsagatik», ohartarazi du Julia Latinina analista politikoak. Aldiz, Alekseevaren iritziz, legeak ez du benetako aldaketarik ekarriko: «Segurtasun indarrek lehen ere egiten zuten halakorik, orain legeztatu egin dute, besterik ez».

AEBetako Estatu Departamentuaren iazko Giza Eskubideen Txostenaren arabera, 2009an hildako kazetari eta giza ekintzaileen krimen ia guztiek argitu gabe jarraitzen dute; aldiz, ustelkeriak nabarmen egin du okerrera, zuzenbidezko estatua ez da existitzen, eta Ipar Kaukasoko gatazkak bere horretan dirau. Horiek hala, kargua hartu berritan Medvedevek esandako hitz haiek -«askatasuna askatasunik eza baino hobea da»- esperantza apur bat piztu zuten arren, dagoeneko, agintaldi erdia beteta, itxaropenaren su hura erabat itzalita dago.



Giza Eskubideen Batzordeko buruak dimisioa eman du

Herenegun, segurtasun indarrei eskumen gehiago eman eta hurrengo egunean, dimisioa eman zuen Errusiako Giza Eskubideen Batzordeko buru Ela Pamfilovak. «Arrazoi pertsonalengatik hartu dut erabakia; luzaroan hausnartutakoa da, eta ez nau inork behartu pauso hau ematera», azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.