Errusia mugen kontrolaz jabetu da Hego Osetian eta Abkhazian

Georgiaren aurkako gerra amaitzean, Bruselari agindutakoak urratzea leporatu dio NATOk Moskuko gobernuari

2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Errusiak herrialde independente gisa onartu zituenetik, Abkhazia eta Hego Osetia, de facto, estatu dira. Nazioartearentzat, baina, Georgiaren menpeko eskualdeak dira oraindik ere. Bi herrialde horien estatus juridikoa ezin erabakita, Moskuk eta Tbilisik aurrez aurre daude orandik ere. Eta bederatzi hilabete dira bi aldeek su-etena sinatu zutela, nahiz eta, Kremlinek bere asmoak indartzeko baino baliatu ez duen barealdia. Izan ere, iazko abuztuan hasitako gerra amaitzea erabaki eta gero, Abkhazian eta Hego Osetian bere presentzia handitu du Dmitri Medvedeven gobernuak. Orain, bi horiek Georgiarekin dituzten mugen kontrola hartu du bere gain.

Errusiarena izango da aurrerantzean mugak zaintzeko ardura, esklusiboki. Bai, behintzat, Abkhaziak eta Hego Osetiak zeregin hori bere gain hartzeko gai direla ikusten duten arte. Hala adierazi du Murat Dzhioiev, HegoOsetiako Atzerri ministroak: «Hainbat urtez indarrean egongo den ituna da, baina eperik gabe luzatzeko aukera ematen du».

Moskuk Mugetako Departamendu bana sortuko du Abkhazian eta Hego Osetian. Halaber, haietan lan egingo duten militarrek Errusiaren menpe egoten jarraituko dute; hau da, hango agintariek ez dute askorik esateko izango horiek hartutako erabakien gainean. Errusiako araudiari jarraiki jardungo dute, etaerabateko zigorgabetasun administratibo eta zibila izango dute. Gainera, obligazio fiskaletatik salbu geratuko dira.

«Hango agintariek ez dute Mugako Departamenduek kontrolpean hartutako lurretan nahiz zabaldutako bulegoetan sartzeko eskubiderik, ez aurrez baimena lortzen ez badute», dio Abkhaziako buruzagi Sergei Bagapshek eta Eduard Kokoiti Hego Osetiakoak, Dmitri Medvedev Errusiako presidentearekin batera sinatutako akordioak. Haatik, lurrekoez gain, aire eta itsasoko mugak kontrolatzeko eskumena ere beretzat hartu du azken horrek.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Georgian egitekoak dituen maniobrek zerikusia izango zuten erabaki horretan. Izan ere, Moskuk «probokaziotzat» jo baditu ere, datorren hastean hasiko dituzte saio militarrak; bere mugetatik gertuegi, Medveden gusturako.

EBri hitzemandakoaren aurka

«Georgiak guretzat mehatxu izaten jarraitzen du, beraz, sinatutako akordioak gaurkotasun handikoak dira», adierazi du Kokoitik, hitzartutakoari esker bi herrialdeetako segurtasuna bermatuko dutelakoan. Hego Osetiako Atzerri ministroak, bide batez, bake akordioak urratzea leporatu dio Tbilisiri. Eta «begiak ixtea» Bruselari. «Bere tropak gure mugetatik gertu zabaldu ditu Georgiak, eta, hala, iaz, gerra amaitzeko sinatutako akordioak urratu ditu».

Bestelakoa da NATOren iritzia. Horren ustez, Abkhaziako eta Hego Osetiako mugen kontrolaren jabe eginez, Errusia bera izan da iaz Europako Batasunari (EB) agindu zizkionak bete ez dituena. Moskuk, bere erabakia zuritze aldera, berriz, bake akordioek dagoeneko ez dutela lotzen adierazi du; alegia, ordutik Bagapshekin eta Kokoitirekin izenpetu dituen akordioek baliogabe utzi dituztela aurrez hartutako konpromiso guztiak.

Europako Batasunak egindako bitartekaritzari esker, Errusiak Georgiaren aurkako gerra-abuztuaren 12tik irailaren 8ra- amaitzea erabaki zuen. Alabaina, ordutik bai Abkhazian bai Hego Osetian 3.800 soldadu zabaldu ditu; baita dozena bat base militar eraiki ere. Horretaz gain, lankidetzarako itunik ere sinatu du bertako agintariekin.

«Sinesgabeei zuzenduta daude akordio hauek guztiak, Abkhazia eta Hego Osetia estatu gisa aitortu izanak ez duela atzera bueltarik ikus dezaten», adierazi du Medvedevek. Mikhail Saakashbili Georgiako buruzagiak legearen aurkako dena legezko bihurtu nahi izatea leporatu dio, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.