"Putinen aginduei jarraituz, Erdialdeko barrutiko tropa guztiak eta inguru hartan dauden talde eta unitate militar guztiak alerta egoeran daude", iragarri du Serguei Shoiguk, Errusiako Defentsa ministroak. Alerta egoerak hilaren 28ra arte iraungo du.
Hain zuzen ere, azken egunotan ugaritzen ari dira Moskuren mugimendu militarren inguruko kezkak. Izan ere, zenbait iturrik salatu dute Vladimir Putin presidentea soldaduak eta makineria biltzen ari dela Ukrainko mugatik gertu. Asko beldur dira horren helburua ez ote den errusiazaleei laguntzea.
AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Jen Psakiren iritziz, Krimean sartu zirenetik soldadu errusiarrak ez dira Ukrainako mugetatik horren gertu egon. Horiek hala, AEBetako, Frantziako eta Alemaniako buruzagiek ohartarazi zioten atzo Moskuri "neurri gogorragoak" hartuko dituztela, tentsioa murrizte aldera "urrats gehiago" egiten ez baditu.
Atxilotze aginduak
Ukrainako Barne ministro Arse Avakov eta Dniepropetrovskeko gobernadore Igor Kolomoiski atxilotzeko agindu du Errusiako Instrukzio Batzordeak. "Debekatutako armak eta gerra teknikak" erabiltzea leporatzen diete biei.
Batzordeko eledun Vladimir Markinek jakinarazi duenez, hiltzea, bahitzea eta kazetarien lana oztopatzea ere leporatzen diete. "2.400 lekuko galdekatu ditugu, eta horietatik 1.470 biktimak dira".