Errusiak baztertu egin du Siriarako NBEren ebazpen berria

Baxar al-Assaden dimisio eskaera eta armen salmentaren debekua kendu dituzte testutik, baina Moskuk ez du onartuDatozen egunetan testu berri bat eztabaidatzen segitzea espero du Kremlinak

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Errusiar mendiaren antzera dabil Segurtasun Kontseilua». Hitz horiekin irudikatu zuen atzo Vitali Txurkin Errusiak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak New Yorken bizi duten tentsioa. Pozez hitz egin zuen, hala ere. Gorabeherak gorabehera, Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek Siriaren gaineko ebazpen berria hitzartu zutela iragarri zuen. «Testua gobernuari bidali eta hark onartzea baino ez da falta», azaldu zuen Txurkinek. Ordu batzuk geroago, ordea, ezezko borobila eman zion Moskuk ebazpen berriari. «Jaso dugu testua. Gure eskaera batzuk kontuan hartu dituzte, baina, halere, ezin dugu testu hau onartu». Errusiar mendiak, hortaz, gora eta behera jarraituko du.

Ebazpen berria baztertu arren, beste ebazpen bat hitzartzeko negoziazioekin jarraitzeko prest agertu da Geannadi Gatilov Errusiako Atzerri ministrordea. Betiere, negoziazio horietan Moskuren jarrera kontuan hartzen baldin bada. Datozen egunetan testu berri bat eztabaidatzen jarraitzea espero du Moskuk, eta ados jarri ezean Segurtasun Kontseiluan ez dela bozketarik egongo aurreratu du.

Segurtasun Kontseiluko hamabost kideen adostasuna lortzekotan egon den ebazpena iragan astean Marokok aurkeztutako testuaren bigarren bertsioa izan da. Arabiar Ligak Siriarentzat egindako planaren eskakizunak biltzen zituen lehenak: Baxar al-Assadek boterea uzteko eskaria, erregimenari zigor ekonomikoak ezartzea eta armak saltzeko debekua, besteak beste. Moskuk berehala esan zuen bozketa eginez gero beto eskubidea erabiliko zuela testua oztopatzeko. Horregatik, Errusiak onartzeko moduko testu bat atontzen aritu zen Segurtasun Kontseilua atzo ordu luzez egindako bileran. Ebazpen berriak ez du Al-Assadek boterea laga beharrik aipatzen, ezta armak saltzeko debekurik ere. Mendebaldeko potentzien aldaketek, ordea, ez dute Errusia limurtzerik lortu.

«Errusiako politikaren helburua ez da inori dimisiorik eskatzea. Ez da gure ogibidea erregimenak aldatzea», adierazi du Sergei Lavrov Kremlineko Atzerri ministroak. Sirian ere Libiako gidoi bera ezarri nahi izatea leporatu die Moskuk AEBei. Hau da, nazioarteko zigorrak ezarri, aire eremua debekatu, Mendebaldeak esku hartze militarra egin eta erregimena aldatzea.

Moskuren bermeak

Kremlinak argi laga du ez duela inoiz onartuko Sirian esku hartze militarrari bide eman diezaiokeen eta Al-Assaden dimisioa eskatzen duen ebazpenik. Siriak nazioartean duen aliatu bakarretakoa da une honetan Errusia, eta Libian gertatutakoa saihestea da haren helburu nagusia. Milaka milioi dolar galdu zituen Moskuk, Afrika iparraldeko herrialdearekin hautsitako arma kontratuen ondorioz. Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak, orduan, gogor kritikatu zuen Libian nazioarteko esku hartze militarra baimendu zuen NBEren 1973 ebazpena —Errusiaren eta Txinaren abstentzioek ahalbidetu zuten testua onartzea—. «Gurutzada bat egiteko deia da», salatu zuen.

Segurtasun Kontseiluan nazioarteko presio diplomatikoek jarraitzen duten bitartean, gatazkak bere horretan dirau Sirian. Damasko kanpoaldean borrokan ari dira armada eta desertoreak. Atzo, gutxienez 28 lagun hil zituzten; tartean, adingabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.