Ukraina

Errusiak bidalitako laguntza konboia Ukrainan sartu da

Moskuk iragarria zuen giza laguntzako konboia Ukrainan sartuko zela "Kieven baimenarekin edo baimenik gabe". Ukrainako Gobernuak esan du "inbasioa" dela.

Emakume bat autobus geltoki batean, Donetseko kontrol portu batetik gertu. ROMAN PILIPEY / EFE
2014ko abuztuaren 22a
10:36
Entzun

Donbass eskualdera bidean da Errusiak bidalitako konboia, 2.000 tona giza laguntza daramala. Moskutik abiatu, eta konboia osatzen duten 260tik gora kamioiek astebete baino gehiago zeramaten geldirik, Errusia eta Ukrainaren arteko mugatik gertu, Rostov eskualdean, Kievek baimena noiz emango zain. Ukrainako Gobernuak ohartarazia zuen ez ziela konboiei herrialdean sartzen utziko Gurutze Gorriak onespena ematen ez bazien; baina Errusiako Kanpo Harremanetarako Ministerioak zera salatu du: "Bitartean, Kievek egunez egun atzeratu du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin akordioa lortzea, aitzakia berriak asmatuz eta, era berean, Luhansk eta Donektsen aurkako erasoak areagotuz".

Horregatik, Moskuk ohartarazia zuen Ukrainara sartuko zela konboia,  "Kieven baimenarekin edo baimenik gabe", eta hala egin du. Hasieran aurkakoa zabaldu bada ere, Nazioarteko Gurutze Gorriak gezurtatu egin du kamioiak ikuskatzen eta laguntzen ari dela. Lehenik, Ukrainako aduanetako langileek ikuskatutako 34 kamioi barneratu dira, baina berehala ikuskatu gabeko beste ehun kamioi bideratu dituzte. Milizia errusiazaleen kontrolpean dago orain Donbass (Luhansk eta Donetsk hartzen dituen lurraldea), eta milaka iheslari eta errefuxiatu daude inguruetan babestuta.

Kievek, berriz, inbasiotzat jo du mugimendua. Valentin Nalivaitxenko Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko buruak esan du "inbasio zuzena" dela konboia barneratu izana; "Gurutze Gorriaren estalki zinikoaren pean, agiri faltsudun ibilgailu militar batzuek osatzen dute konboia", Nalivaitxenkoren esanetan. Haren ustetan, "kamioiak gidatzen doazenek ibilgailu blindatuak [errusiarrak] gidatuko dituzte, zeinak egunero modu ilegalean sartzen diren gure estatuan".

Borrokak, etengabe

Informazioa tantaka heltzen den arren, borrokak etengabeak dira Ukrainan. Horien ondorioz, eta Ukrainako iturrien arabera, militarrek ehundik gora miliziano hil dituzte Snezhnoie hiriaren aurkako erasoaldian. Horretaz gain, hainbat tanke eta misil jaurtigailuak ere suntsitu dituzte.

Milizia errusiazaleek ez dituzte berretsi hilketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.