Errusiak eta NATOk hitzarmenak eten dituzte, bozen iruzur salaketengatik

Behin betiko emaitzek Putinen alderdiaren gehiengo osoa berretsi dute: 238 diputatu, lehen baino 77 gutxiago

mikel rodriguez
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
NATOk Europan eratu nahi duen misilen aurkako ezkutuak proiektua sortu zenetik bertatik sortu du Errusiarekiko tentsioa, Gerra Hotzeko garaiak oroitaraziz. Bi aldeek eratutako kontseiluak heldu den urteko maiatzean egitekoa du goi bilera Chicagon (AEB), baina Moskuk ohartarazi du ez duela parte hartuko misilen aurkako ezkutuari buruz Washingtonekin dituen elkarrizketetan emaitza onik lortu ezean. Harreman horiek, ordea, Errusiako bozen ondorengo iruzur salaketek baldintzatu ditzakete. Horren adibide, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak herenegun egindako adierazpenak eta Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak emandako erantzuna. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak, baina, giroa baretu nahi izan du, eta erran du AEBekin elkarrizketan segituko dutela.

«Misilen auzian ados paratzen bagara, errazagoa izanen da goi-bilerari buruz erabaki positibo bat hartzea», azaldu du Riabkovek. NATOren eta Errusiaren arteko harremanean hurrengo data estrategikoa izatekoa da Chicagoko goi bilera. Aitzinekoa Lisboan egin zuten iaz, eta bi aldeek misilen aurkako ezkutuan elkarlanean aritzeko hitzarmena egin zuten. Hori paper gainean sinatutakoa da, bi aldeen arteko mesfidantzak hasieran bezain bizi baitaude oraindik. Errusiak nahi du NATOk idatziz adieraztea ezkutua ez dela Moskuren aurka erabiliko. AEBek, ordea, ez dute hori idatziz berretsi nahi, eta haien azalpena nahikoa dela diote; hau da, ezkutua Iranengandik eta Ipar Korearengandik defendatzeko dela.

Martxora arteko epea

Errusiako Parlamenturako—Duma— hauteskundeen ondoren Clintonen eta Putinen artean sortutako ika-mikak are gehiago errotu ditzake misilen ezkutuak bi potentzien artean sortutako mesfidantzak. AEBetako Estatu idazkariak erran zuen oposizioak bozen inguruan egindako salaketak «ongi arrazoituak» zeudela, eta Putinek protestak sustatzea egotzi zion.

Hemendik martxora arteko epea erabakigarria izanen da bi aldeen arteko elkarrizketak nola garatzen diren ikusteko, hilabete horretan eginen baitira presidentetzarako bozak Errusian. Riabkov Atzerri ministrordeak iragarri du hauteskunde horiek egin arte ez dutela erabakirik hartuko Chicagoko goi bilerari buruz.

Putinek ordurako berriz ere presidente izatea espero du, NATOren eta bereziki AEBen aitzinean bere posizioa azkartuta agertzeko. Horretarako, baina, joan den abenduaren 4ko hauteskundeek sortutako zalaparta apaltzea lortu beharko du lehenik. Atzo argitaratutako behin betiko emaitzek lehen bultzada eman diote, Errusia Batua alderdiaren gehiengo osoa berretsi baitute. 238 diputatu izanen ditu Duman, gehiengo osoa lortzeko langa baino hamabi gehiago. Horrenbertzez, Errusia Batuaren 77 aulkiko galera ere berretsi dute Hauteskunde Batzorde Zentralaren azken emaitzek.

Alderdi Komunistaren igoera ere berretsi dute behin betiko emaitzek. 92 diputatu izanen ditu orain, lehen baino 35 gehiago. Emaitzek azkartuta, Kremlinen aurka gaurko antolatu diren protestetan izanen direla jakinarazi dute komunistek. «Mosku erdia joanen da, eta horien artean egonen dira boto-emaile komunistak», adierazi du Andrei Klitxkov alderdiaren Dumako taldeburuak. «Gure botoen aldeko borroka da hau». Hain zuzen, Gennadi Ziuganov Alderdi Komunistako buruak salatu du Hauteskunde Batzorde Zentralak behar baino %15 boto gehiago eman dizkiola Errusia Batuari, gehiengo osoa ziurtatzeko.

Gobernuaren keinuak

Iruzur salaketen inguruan hainbat keinu egin ditu Kremlinek: Rashid Nurgalijev Barne ministroak salaketak ikertzeko agindua eman die eskualdeetako polizia buruei, eta Hauteskunde Batzorde Zentralak, berriz, zin egin du posta bidez botoa eman ezin izan zuten 500.000 lagunen kasuak aztertuko dituela. Oposizioa, baina, ez dute asmo horiek gogobete, eta 50 hiri handitan protestak antolatu dituzte. Jendetza handiena Moskun espero dute. Hasieran Iraultzaren plazan egitekoa zen bilkura, baina Bolotnaja enparantzara aldatu dute, handiagoa baita. Putinek adierazi du manifestazioak zilegi direla, baina Nurgalijev Barne ministroak ohartarazi du legeztatuta ez dauden bilkuren aurka oldartuko dela Polizia. Bozen ondorengo protestetan, 800dik goiti lagun atxilotu dituzte orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.