Gazprom gas konpainiako eta CNPC Txinako Petrolio Konpainia Nazionaleko buruek Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Xi Jinping Txinakoaren aitzinean sinatu dute akordioa, Shanghain. Kontratuaren baldintza zehatzak ez dituzte argitaratu, baina Errusiako eta Txinako hedabideen arabera, estimatzen da Errusiak urtero 38 bilioi metro kubo gas salduko dizkiola Txinari. Aleksei Miller Gazpromeko buruaren arabera, kontratu osoak 293.000 milioi euro inguruko balioa dauka.
Gasa saltzeko akordioaz gain, harreman ekonomikoak areagotzeko konpromisoa ere hartu dute Putinek eta Xik. Datu ofizialen arabera, bi herrialdeen arteko merkataritza harremanek 66.000 milioi euroko balioa izan zuten iaz. 2020rako, 147.000 milioi euro ingururaino ailegatu nahi dute —200.000 milioi dolar—. Putinek Txinaren inbertsioak sustatu nahi ditu Errusiaren ekialde urruneko eskualdeetan.
Garrantzia geopolitikoa
Errusiak eta Txinak sinatutako akordioak berehalako erantzuna izan du Europan, Ukrainako gatazka dela-eta Errusiak herrialde horrekin eta batez ere EB Europako Batasunekoekin dauzkan harremanean eragina izan dezakeelakoan. "Hiru aldeko kontratuak indarrean dauden bitartean, gasaren emaria ez litzateke gelditu behar. Espero dut Errusiako Federazioak bere konpromisoa betetzea", adierazi du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Putinek hilaren 14an ohar bat bidali zien EBko hainbat herrialderi ohartarazteko Ukrainari gas emaria moztu diezaioketela ekainaren 3a baino lehen Gazpromekin daukan zorra kitatuko ez balu. Errusia, Ukraina eta EB auzi hori negoziatzen ari dira egunotan.