Moskuk eutsi egion dio nazioarteko presioari. Ez du men egin.Atzera botako du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua gaur bozkatzekoa den Siriaren kontrako ebazpena. «Ez dugu onartuko okertzat jotzen dugun testu bat. Gatazka gehiago gaiztotuko luke», adierazi du Vitali Txurkin Errusiak NBEn duen enbaxadoreak. Vladimir Txizhov Errusiak Europako Batasunean duen enbaxadoreak ere ildo beretik egin ditu adierazpenak: «Ebazpenari garrantzitsuena falta zaio: Sirian esku hartzeko aukera debekatzen duen adierazpena».
Segurtasun Kontseilua gaur da bozkatzekoa Marokok aurkeztutako ebazpena. Baxar al-Assadek boterea uztea eta hauteskundeetara deitzea biltzen du finean. Arabiar Ligarena da proposamena, eta beto eskubidea duten kide iraunkorren artean AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak babesten dute. Txinak oraindik ez du jarrera argitu, baina Errusiak ez duela onartuko berretsi du. Moskuren betoak, hortaz, atzera botako du ebazpena.
«Marokoren testua onartezina da, zigorrak ezartzea onartzen duelako eta, era berean, indarkeria erabiltzeko aitzakia bihur daitekeelako», berretsi du Guennadi Gatilov Errusiako Atzerri Gaietarako ministrordeak. Catherine Ashton EBko diplomaziaburuak, ordea, «erantzukizunez aritzeko» eskatu dio Moskuri: «Segurtasun Kontseiluko kide guztiek Siriako herria babesteko unea iritsi da».
NBEko Segurtasun Kontseiluan aurrera segitzen du lehia diplomatikoak, eta, Sirian, berriz, etengabeko katean jarraitzen du indarkeriak. Al-Assaden erregimenaren armadak eta soldadu disidenteek, Siriako Armada Askekoek, borroka gogorrak izan zituzten atzo Damasko inguruan —joan den asteburuko borroken ostean hiriburuaren inguruko posizioak berreskuratzen ari da armada—. Gutxienez 21 lagun hil dira, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera. Oposizioak dioenez, asko dago jokoan borroka horietan. «Berandu baino lehen» herrialdearen lurralde erdia kontrolatzeko gai izango direla adierazi du Riyad al-Assad Siriako Armada Askeko koronelak.
Baxar al-Assaden aldeko militarrak Wadi Barada auzoa inguratzen eta gogor bonbardatzen ari dira. Arbin auzoan, bestalde, jendea bizi den etxebizitzen kontra «arma atomikoak eta suziriak» jaurtitzen ari da armada. Damasko kanpoaldean hildakoei, gainera, Homseko, Idlebeko eta Qamixliko borroketan hildako beste hamahiru hildako gehitu zaizkie. Oposizioko taldeenak eta erregimenarenak dira Mendebaldera iristen diren informazio bakarrak, nazioarteko kazetariek debekatuta baitaukate Sirian sartzea.
7.100 hildako
Iazko martxoan Al-Assaden erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik gutxienez 7.100 lagun hil dituztela salatu dute Herri Koordinaziorako Batzordeek. Horietatik 461 adingabeak ziren, erakundeak nabarmendu duenez. Gainera, 336 lagun kartzelan jasandako torturen ondorioz hil direla baieztatu dute batzordeek. Herrialdearen erdialdeko Homs probintzian izan da hildako gehien (2.454), matxinoen gotorleku nagusian. Haren atzetik, Hama ageri da zerrendan, 1.015 hildakorekin, eta Idlib ondoren, 883rekin. Nolanahi ere, «hildakoen benetako kopurua handiagoa da», batzordeen arabera. «Erregimenak jartzen dizkigun oztopoek ez digute utzi zenbaketa zehatza egiten».
Errusiak ez du babestuko NBEren Siriarako ebazpena, «okerra» delako
Al-Assaden armadaren eta Siriako Armada Askearen arteko borrokek 21 hildako utzi dituzte Damaskon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu