Errusia eta Bielorrusiaren arteko hitzarmena hitzezkoa da oraingoz. Baina badirudi bi aldeen arteko negoziazioak bide onetik doazela. Horren froga Errusiak Europarako petrolio horniketa berriz hastea erabaki izana, eta Minskek Errusiako petrolioari jarritako muga-zerga indargabetzea. Iturri ofizialen arabera, baimenik gabe hartutako 80.000 tona erregai itzuli egin zituen Bielorrusiak. Horri esker, Druzhbako oliobidean lau orduz martxan jarriko zuela iragarri zuen Moskuk.
Krisia iaz lehertu zen, Bielorrusiak erosten zuen petrolioaren prezioa igo zuenean Errusiak, salatuz Minskek Moskuri erositako erregaia garestiago saltzen ziela beste herrialde batzuei. Horrek Aleksander Lukashenko Bielorrusiako presidentearen haserrea eragin zuen, eta petrolio gehiago ez ziola erosiko ohartarazi ostean, Moskutik Europara bidaltzen zuten erregaiari muga-zerga ezartzea erabaki zuen. Era berean, ordura arte Bielorrusiatik igarotako petrolioaren arantzelak ordaindu gabeak zituenez Moskuk, Minskek 80.000 tona erregai hartu zituen baimenik gabe.Horiek hala, Europarako horniketa etetea erabaki zuen Moskuk.
Bi aldeek atzo lortu zuten akordioa, telefonozko elkarrizketa baten ostean. Lerro hauek idazteko unean Errusiak ez zuen oraindik adierazpenik egin. Bielorrusiak, aldiz, azaldu zuen ostirala arteko tartea jarri zuten akordio zabalagoa lotzeko. Bielorrusiako lehen ministro Sergei Sidorski Moskura joatekoa da gaur, hurrengo pausoak aztertzeko.
Europako Batasuneko Energia komisario Andris Piebalgsek txalotu egin du akordioa lortu izana, baina nabarmendu du Brusela ez dela gustura egongo, petrolio horniketa erabat bere onera itzuli arte. Era berean, halako krisirik gehiago egongo ez den bermeak eskatu dizkio Moskuri: «Honek guztiak kalteak eragin dituen arren, Errusiako petrolioa erabiltzen jarraitu nahi dugu».
MINSKEN GAINEKO PRESIOA. Putinek berehala konpondu nahi zuen krisia, besteak beste Europako Batasuna bezero garrantzitsua duelako. Ondorioz, gogor presionatu du Minsk. Bielorrusiatik Errusiara autoz igaro nahi duten bielorrusiarrek, esaterako, baimen berezia behar izan dute muga igarotzeko. Horrek kilometro askotako ilarak eragin ditu.
Zenbaiten iritziz Putinek nahita eragin du krisia, Lukashenkoren gobernua kolokan jartzeko. Bielorrusiak menpekotasun handia du Errusiarekiko, eta hark petrolioa garestitu eta arantzelak jarriko balizkio, krisi ekonomiko larria eragingo luke. Petrolioaren auziak, ordea, EBrekiko harremanetan ere izan du eragina. Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosok adierazi du erregaiarekin sortutako arazoek Errusiarengan duten konfiantza murriztu duela.
Errusiak iragarri du Europarako horniketa berriz hasiko duela
Moskuk hornikuntza etetea eragin zuten muga zergak indargabetu ditu Minskek, akordioa lortu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu