Errusiak legebiltzarrerako bozetan nazioarteko ikuskatzaileen presentzia mugatu nahi du

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeari gutuna bidali dio eskaria eginez

Erredakzioa
2007ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Abenduan Errusiako Parlamentua berritzeko egingo dituzten bozetan, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaile kopuru mugatua nahi du Errusiak. Errusiako Hauteskunde Batzorde Nagusiak gutun bat igorri die ESLAko arduradunei horren berri emanez. Harrituta hartu dute eskaria bertan, aurrezinork horrelako eskaririk ez diela egin azalduz. «Aztertu egin beharko dugu», azaldu du ESLAko bozeramaile Urdur Gunnarsdottirrek. Gutunean, antza, Moskuko agintariek «elkarrizketarako» prest daudela azaldu dute. Vladimir Putin Errusiako presidenteak lehengo astean jakinarazi zuen ESLAko ikuskatzaileak gonbidatuko zituztela abenduko hauteskundeetara, baina ez zuen inolako mugarik edo kontrolik aipatu orduko hartan.

ESLA 1975. urtean sortu zuten. Gaur egun, Europako, Erdialdeko Asiako eta Ameriketako 56 estatuk osatzen ditu. Maiz ordezkaritzak bidaltzen ditu hauteskundeetara, baina, beti ere, aldez aurretikhorretarako gonbidapena jasota. Normalean ez da eztabaidatzen ordezkaritza nortzuk osatuko duten, ez eta zenbat lagunekoa izango den ere.



70 IKUSKATZAILE. ESLAko arduradunei bidalitako gutunean, Moskuko ordezkariek azaldu dute zenbat ikuskatzaile hartzen dituzten egokitzat: «Ordezkaritza, 70 lagunekoa edo izan daiteke». Gutxi dira orain dela lau urteko bozetan, Errusiako Legebiltzarra aukeratzeko aurreko hauteskundeetan hain justu, ESLAko 465 ikuskatzailek parte hartu zutela aintzakotzat hartzen bada. Moskuren eskaria aintzakotzat hartzen bada, bozetan egin beharreko ikuskaritza kolokan egon daitekeela azaldu dute ESLAko hainbat informazio iturrik.

Aurreikuspen guztien arabera, Vladimir Putinen aldekoek irabaziko dituzte Errusian legebiltzarrerako bozak. Putin presidentea, batez ere, indarrean jarri dituen politika ekonomikoek eta atzerri politikak egin dute sendo. Oposizioak eta giza eskubideen aldeko mugimenduek agintekeria egotzi diote sarritan, eta haren agintepean beste proiektu politiko batzuk abian jarri eta garatzeko ezintasun handiak dituztela salatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.