Krimea eta Sebastopol Errusiara batzeko ituna sinatu zuten atzo Vladimir Putin Errusiako Presidenteak, Krimeako lehen ministro Sergei Aksionovek, Krimeako Parlamentuko presidente Volodomir Konstantinovek eta Sebastopoleko alkate Alexei Chalyk. Gaur Errusiako Auzitegi Konstituzionala izan da ituna berretsi duena. Krimea Errusiari batzeko pausu beharrezkoa zen hori.
Behin hori eginda, Dumak onartu beharko du, eta horrez gain, Krimearen izen, estatus eta mugak definituko dituen lege federal bat osatu beharko du. Senatuak ere oniritzia eman beharko dio testuari, eta hori egiten duenean, konstituzioa aldatu beharko du Krimea Errusiara batzeko.
Igandeko galdeketaz geroztik, albisteak bata bestearen atzetik datoz Ukraina eta Krimeatik. Erreferendumak berak zalantzarako tarte gutxi utzi zuen, eta astelehenean bertan aldarrikatu zuen Krimeako parlamentuak independentzia, batetik, eta Errusiari batzea, bestetik. Hurrengo egunean jakin bazen ere, astelehen gauean sinatu zuen Putinek Krimea Errusiari batzeko itunaren zirriborro bat, eta atzo sinatu zuten Putinek eta Krimeako agintariek anexio ituna.
"Betiko portura itzuli da"
Bateratzearen karira, milaka pertsonak bat egin zuten atzo Moskuko Plaza Gorrian, Errusiako Gobernuak antolatutako festa erraldoian parte hartzeko. "Pozarren egoteko moduko eguna da hau. Ibilaldi luze eta neketsu baten ostean, Krimea eta Sebastopol beren badiara itzuli dira, aberriaren itsasertzera, betidanik izan duten portura: Errusiara", aldarrikatu zuen Putinek, jendearen algara eta txalo artean.
Aurretik, Parlamentuko kideen aitzinean, Krimearen bat egite eskaera onartu izanaren arrazoiak azaldu zituen presidenteak: "Ezin genuen Krimeako herriaren nahia bete gabe utzi. Traizioa zatekeen hori". Penintsula inbaditu izana leporatzen diotenei ere aritu zitzaien: "Bitxia da halakoak entzutea zenbaiten ahotan. Ez dut gogoan tiro bakar bat bota gabe eta biktimarik gabe egin den inbasio militarrik; historian ez da inoiz halakorik gertatu". Hala ere, lasaitasun mezua helarazi nahi izan zien Kieveko agintariei, eta azpimarratu zuen bere asmoa ez dela "Ukraina zatitzea". Hori bai, herrialde horretako errusiar komunitatearen eskubideak defendatzen jarraituko duela gaineratu zuen Putinek, "betiere, bide politikoak eta diplomatikoak erabilita".
Kievek, ordea, ukatu egin du Krimeako gatazkaren izaera baketsua, eta militar ukrainar bat tiroz hil izana leporatu die tropa errusiarrei. "Errusiako soldaduek Ukrainako militarren aurka tiro egin dute. Dagoeneko, hau ez da gatazka politiko bat, militarra baizik", adierazi zuen Ukrainako lehen ministro Arseni Jatseniukek atzo. "Adjektibo bakarra dago Moskuren esku sartzea definitzeko: erasoa. Estatu batek beste bati egindako eraso onartezina. Nazioartean ondorioak izanen ditu horrek".
Hala ere, bertsio kontrajarriak azaleratu dira Simferopol hiriburuan izandako erasoaren inguruan. Ukrainako jarduneko gobernuaren eta hango hedabideen arabera, identifikaziorik gabeko soldadu errusiarrak izan ziren ofizial ukrainar bat hil eta beste bat zauritu zutenak. Errusiako berri agentziek zabaldu dutenez, ordea, Krimeako autodefentsa unitate errusiazaleen kontra ere tiro egin zuten erasotzaileek, eta unitate horietako kide bat zendu zen borrokaldian.
Nolanahi ere, Ukrainako Defentsa Ministerioak soldaduaren heriotza baliatu du Krimean armak erabiltzeko agindua emateko: "Ukrainako indar armatuen komandante nagusiaren eta jarduneko Defentsa ministroaren erabaki bati jarraiki, armak erabiltzeko baimena eman zaie Krimean dauden Ukrainako tropei", azaldu du ohar batean.
Zigor gehiago
Mendebaldeak, bestalde, sutan erantzun dio Errusiaren eta Krimearen arteko bat egite hitzarmenari. AEBetako presidenteorde Joe Bidenek, adibidez, "Ukrainaren subiranotasunaren urratzea" izan dela adierazi du, eta iragarri du zigor gehiago ezarriko dizkiotela Moskuri. "Nazioarteko komunitate ia osoak gaitzesten du Errusiaren jokabidea, ezin baitzaio legitimitaterik onartu iragan igandeko erreferendumari", gaineratu zuen. Hala ere, Bidenek ez du zehaztu zeintzuk izan daitezkeen Errusiaren kontra har ditzaketen neurriak.
Harago joan da Frantziako Atzerri ministro Laurent Fabius. Haren irudiko, Errusiaren kontra indarra erabili beharko dute Mendebaldeko potentziek, "Moskuk marra gorriak zapaltzen baditu". Zigor ekonomikoak aplikatzea eta Errusia G8 taldetik ateratzea proposatu du Fabiusek. Hain zuzen, Sotxin (Errusia) egitekoa zen G8koen gailurra prestatzeko lanak bertan bera gelditu dira, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren arabera, "horrek ez du esan nahi Errusia talde horretatik kanporatu dutenik".