GRU Errusiako Espioitza Departamentu Zentraleko burua zen Valentin Korabelnikov jenerala, 1997tik. Hamabi urtez izan da espioitza militarreko buruzagia, ahalik eta atzo, Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak kargutik kendu zuen arte. Haren lekuan, Aleksander Shliakhturov jenerala izendatu du Kremlingo buruzagiak.
Errusiako Defentsa Ministerioko eledun Aleksander Dobrishevskik emandako bertsio ofizialaren arabera, Korabelnikov jeneralak 63 urte bete ditu dagoeneko, eta armadatik erretiratzeko garaia badela sinetsita, kargutik ketzeko eskatu du. Hala, Medvedevek hark eskatutakoa besterik ez du egin. Haatik,Errusiako armadan aditu direnek GRUko buruzagia Kremlinek egin nahi zituen hainbat aldaketekin ez zetorrela bat azaldu dute.
Hala, Korabelnikov jenerala GRUren 67. brigadaren desegitearen aurka agertu zen -unitate hori Novossibirsken (Siberia)dago-. Militarren senitartekoek nahiz herritarrek protestak egin zituzten erabaki horren aurka, joan den martxoan.
Hego Osetian gertatutakoa
Vladimir Putin Errusiako lehen ministro eta presidente izandakoaren oso gertuko zen Korabelnikov. Hala dio Aleksander Goltsek, gai militarren inguruan txostenak idatzi dituenak. Horren ustetan, GRUko agintari gorena kargutik kentzeak ez du Putin eta Medvedev elkarrengandik urrundu direnik azaltzen. Goltsen hitzetan, erabaki hori hartzean bat etorri dira Errusiako presidentea eta gobernuburua.
Horren arabera, Errusiako agintari politiko gorenek GRUri leporatzen zioten 2008ko agorrilan Georgiak Hego Osetiari egindako oldarraldia ez aurrez ikusi izana. Alta, Tbilisi prestatzen ari zen erasoaldiaren seinale batzuk bazeudela ohartarazi zuten Hego Osetian zabaldutako Errusiako bake indarrek. Georgiaren oldar egiteari gogor erantzun zion Errusiako armadak, lurraldea indarrez hartuz.
Errusiako espioitza militarreko buruzagia aldatu du Medvedevek
Korabelnikov buruzagiaren eta Medvedeven artean desadostasunak izan dira azken hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu