Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak gaur hauteskunde sistema aldatzeko egitasmoa aurkeztuko du Duman, eta hori onartzen bada aurrerantzean Errusiako federazioetako gobernuburuak zuzenean hautatuko dituzte herritarrek.
Agintariak zuzenean aukeratzeko eskubidea 2005ean kendu zieten Errusiako federazioetako herritarrei, Ipar Osetian izan zen atentatu baten ostean; 300 hildako izan ziren, gehienak haurrak.
Medvedevek, gainera, Dumako kideak hautatzeko sistema aldatzea ere proposatuko du, 450 parlamentarietatik 225 lurraldeka hautatu ditzaten. Hauteskunde batzordeetan alderdien ordezkaritza ere handitu nahi du.
Alderdiak erregistratzeko prozesua erraztu egingo dutela ere esan du Medvedevek, eta hauteskundeetan parte hartzeko behar den sinadura kopurua murriztu egingo dutela.