Moskuko Poliziak atzo izandako protestetan atxilotutako oposizioko kideak aske utzi ditu, Poliziak jakinarazi duenez.
Bart 250 lagun inguru atxilotu zituzten, Poliziaren arabera, baimendu gabeko ekitaldi publikoetan parte hartzea eta segurtasun indarren aurkako desobedentzia leporatuta. Ehun baino gehiago Lubianka plazan atxilotu zituzten.
Hauteskunde Batzorde Zentralaren inguruan zegoen polizia lerroa hausten saiatu zirenean hasi ziren atxiloketak.
Puxkin plazan ere hainbat istilu izan ziren; han bildu ziren oposizioko kideak bozetan izan ziren "faltsutze ugariak" salatzeko.
Vladimir Putinek hauteskundeetako lehen itzulian %63,60ko babesa eskuratu zuen atzo. Ondorioz, gehiengo osoa lortuta, bigarren itzulia egitea ez da beharrezkoa izango.
"Borroka ireki eta garbi batean irabazi dugu", esan zuen Putinek. Maiatzean hartuko du kargua, Dmitri Medvedeven eskutik, eta datozen sei urteetan egongo da presidente. 2000-2008 artean kargu berean izan zen Putin; harrezkero, lehen ministro izan da.
Errusiako oposizioak iruzurra salatu zuen. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak esan zuen "irregulartasunak" izan zirela hauteskundeetan, eta Europako Batasuna bat agertu zen segurtasun lankidetzako antolakundearekin.
Putinek dio irregulartasunak izan zirela
Putinek gaur onartu du bozetan "irregulartasunak" egon zirela. "Horiek salatu behar dira, guztientzat dena argi geratuko den modu batean", esan du.