Errusia

Errusiako Parlamentuak baiezkoa eman dio Putinen agintaldia luzatzeari

Errusiako presidenteak adierazi du Auzitegi Konstituzionalaren baimenaren zain geratuko dela. Diputatuek konstituzioaren erreforma onartu dute, eta herritarrek erreferendum bidez bozkatuko dute horren inguruan.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 10a
13:40
Entzun

Vladimir Putin Errusiako presidenteak agintean jarraitzeko aukera izan lezake. Berez, honako hau Putinen azken agintaldia da, 2024an amaitzen dena, legeak ez baitio modua ematen boterean segitzeko —hamabi urteko bi agintalditan zegoen muga—. Konstituzioaren erreforma onartzeko eguna izan da gaurkoa, eta, ezustean, presidentearen alderdiko diputatu batek proposatu du presidente karguak dituen mugak kentzea, Putinek aukera izan dezan datozen bozetara aurkezteko eta agintean segitzeko 2036ra arte. Parlamentuak bozketa egin du, eta baiezko zabala eman dio aldaketa horri.

Errusiako presidenteak ezohiko adierazpen bat egin du parlamentuan, eta adierazi du ez dagoela ideia horren kontra, baina oraingoz ezin duela babestu. Zehazki, Auzitegi Konstituzionalak eta herritarrek horri buruz esango dutenaren zain geratuko da —erreferenduma dute apirilaren 22an—, eta, iritziak baiezkoa badira, onartu egingo duela aldaketa. Horrek, hortaz, modua emango lioke 2024ko hauteskundeetara aurkezteko.

«Estatu egonkor eta indartsu batean, agintari aldaketa beharrezkoa da garapenarentzat. Oraindik gauza politak egingo ditugu 2024ra arte, eta orduan ikusiko dugu zer gertatuko den. Printzipioz, aukera hori egitea posible litzateke, baina baldintza batekin», adierazi du Putinek diputatuen aurrean. Agintariak hogei urte egin ditu herrialdeko agintean: 1999tik 2008ra, presidente karguan; 2008tik 2012ra, lehen ministro karguan; eta 2012tik, berriz presidente karguan.

Horixe izan da urteotako eztabaida, egungo presidenteak legea aldatuko ote zuen boterean jarraitzeko. Konstituzioaren erreforma proposatzean, Putinek adierazi zuen ez zuela halakorik nahi, aldaketa horiek ez zirela berari buruzkoak; Valentina Terexkovaren —espaziora bidaiatu zuen lehen emakumezkoa izan zen— proposamenak, ordea, agerian utzi du erreformen ezkutuko helburua.

Terexkovaren arabera, beharrezkoa da presidente karguan dagoenak «segurtasuna» transmititzea, eta, horretarako, «autoritate morala» duen presidente «indartsu bat» behar da: «Egiazki, hau ez da hari [Putini] buruzkoa; guri buruzkoa da, Errusiako herritarrei eta haien etorkizunari buruzkoa. Zertarako egin egitura artifizialak? Dena gardena eta zintzoa izan behar da».

Gainontzeko aldaketak

Diputatuak datorren urtean egitekoak diren parlamenturako hauteskundeak aurreratzeaz ere aritu dira, eta Errusiako presidenteak aukera baliatu du horri buruzko iritzia emateko: aurtengo irailean egitearen aurka agertu da.

Eztabaida horretaz harago, diputatuek konstituzioaren erreformari buruzko zuzenketa sorta bat onartu dute. Putinek berak aurkeztu zuen, eta onartu dute testuan txertatzea, besteak beste, jainkoaren figura eta sexu bereko pertsonen ezkontzeko debekua.

Horrez gain, jaso dute Errusiakoa «estatuaren herri fundatzailea» dela eta errusiera herrialdeko hizkuntza ofiziala dela. Denera 169 zuzenketa onartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.