Errusiako presidentetzarako bozen egunean, Putinen alde manifestazioa egingo dute

Moskuko Udalak manifestazioa egiteko baimena eman du, baina oposizioak legez kanpokoa dela dio

2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Presidentetzarako hauteskundeen egunean, martxoaren 4an, Vladimir Putin lehen ministroaren eta presidentetzarako hautagaiaren aldeko manifestazioa egiteko baimena eman du Moskuko udalak; udal hori agintean dagoen alderdikoa da, Errusia Batukoa. Eskaera legez kanpokoa dela salatu dute, ordea, oposizioko ekintzaileek. Izan ere, egun eta leku berean protesta egiteko asmoa zuten oposizioko hainbat alderdik, baina udalak Putinen aldekoei lehentasuna eman diela salatu dute.

Oposizioaren arabera, udaletxeko ateak ireki aurretik gobernuaren aldeko taldeei sartzen utzi diete. Era horretan, manifestazioa egiteko eskaera oposizioko kideek baino lehenago egin ahal izan dute. «Legez kanpokoa eta iruzurrezkoa da eskaera», esan du Sergei Udaltxov-ek, Ezkerreko Fronteko buruak.

Hauteskundeetarako ez da sorpresarik espero: Putinek irabaziko duela diote inkesta guztiek, eta baita oposizioak ere. Horrexegatik, bigarren itzulia eragiteko estrategia hasi dute oposizioko alderdiek. Alegia, Putini ez beste edonori botoa emateko eskatuko diete herritarrei. Lehen ministroaren ospea, dena den, gorantz doa hauteskunde eguna hurbildu ahala. Iritzi Publikoaren Ikerketa Zentroak argitaratutako azken inkestaren arabera, hain zuzen, lehen itzulian bozen %58,6 eskuratuko ditu. Bigarren hautagaiak, Alderdi Komunistako buru Gennadi Ziuganovek, berriz, %14,8ko babesa eskuratuko du.

Iragan abenduaren 4ko legebiltzarrerako bozen prozesuan egon ziren ustezko iruzurrak salatzeko, lehen ministroaren aurkako protesta ugari egin zituzten oposizioko alderdiek. Istiluek indar handiena hartu zuten unean orain baino hamahiru puntu gutxiago zituen Putinek inkestetan.

Armada berrarmatu

Datozen hamar urteetan armadaren «handitasuna eta nagusitasuna» berreskuratzea izango da Putinen lehentasunetako bat. Bozak irabazten baditu, armada modernizatzeko ondorengo hamarkadan 767.000 milioi dolar inbertituko dituela aurreratu du. «Ezin dugu inor gure ahultasunarekin zirikatu», adierazi du Errusia Batua alderdiko hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.