Mundua

Errusiako tropek su-etena hautsi dutela, eta Tbilisira bidean direla salatu du Georgiak

Gori erasotzen eta arpilatzen jarraitu dutela diote. EB Europako Batasunak proposatutako bake plana sinatu dute Errusiak eta Georgiak, baina bakea gauzatzeko arazoak asko dira oraindik.

2008ko abuztuaren 13a
16:58
Entzun
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak EB Europako Batasunaren izenean proposatutako bake plana onartu du bart Georgiak, ordu batzuk lehenago Errusiak egin bezala. Sei puntu ditu proposamenak: indarraren erabilerari uko egitea; erasoaldi militar guztiak bertan behera uztea; laguntza humanitarioaren sarrera libre uztea; Georgiako armada gatazka lehertu aurreko guneetara itzultzea;Errusiako bake indarrak gatazka lehertu aurreko guneetara itzultzea, eta nazioarteko erakundeen arteko debatea hastea Hego Osetiaren eta Abkhaziaren estatusa erabakitzeko.

Azken puntu hori ez du onartu Georgiak, beren lurralde batasunaren kontra doala iritzita, eta nazioarteko eztabaida Hego Osetia eta Abkhaziaren "estatusari" buruz barik "segurtasunaren" inguruan izatea aldatu dute. Errusiak onartu egin du aldaketa hori.

Nolanahi ere, alde biek bake plana sinatu arren bakea gauzatzea ez da erraza izango. Georgiak salatu du Errusiaren erasoen jomuga izaten jarraitzen duela, teorian su-etena indarrean egon arren. Mikhail Saakashvili Georgiako presidenteak agertu duenez, Gori hiriko gune militar georgiarrak suntsitzen jarraitzen dute Errusiako tropek eta hiria arpilatu dute. Halaber, Errusiako indarrak Tbilisi hiriburura bidean direla adierazi du.

Sarkozyk ere onartu du bide zaila dagoela egiteko oraindik, eta alde biek sinatu dutena ez dela bake hitzarmen bat, baizik eta bake bidea abiatzeko akordio bat. Nazioarteko aditu eta analisten arabera, zaila eta luzea izango da gatazka hori konpontzeko negoziazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.