Erabat atsekabetuta esnatu ziren atzo Kamishevatskaia herrian. Goizaldean su hartu zuen zahar etxeak, eta gutxienez 63 pertsona hil ziren sutean. Hildakoak 62 adineko eta erizain bat dira. Une hartan, 93 pertsona zeuden eraikinean. Ez dago argi zerk eragin duen sua. Polizia eta suhiltzaileak ikertzen ari dira zirkuitulabur batek eragin duen, zabarkeriaren ondorioa izan den edo norbaitek nahita piztu ote duen. Suaren ondorioz, logelen eremua erabat kiskalita geratu da.
Sutea astelehen gauean piztu zen arren, atezaina ez zen hortaz ohartu atzo goizaldeko ordubata aldera arte, orduan deitu zien suhiltzaileei. Kamishevatskaian, ordea, ez dago suhiltzailerik, eta, beraz, Ieisketik joan behar izan zuten. Ieisk sutea izan zen tokitik 50 bat kilometrora dago, eta, ondorioz, ordubete behar izan zuten hara iristeko. Hori dela eta, adineko gehienak kea arnastuta hil ziren. Horietaz gain, baina, beste 34 pertsonak erietxean jarraitzen dute erredurekin eta arnasa hartzeko zailtasunekin.
«Gertakariaren berri berandu eman zelako, langileek akatsak egin zituztelako eta suhiltzaileak urrundik etorri behar izan zutelako izan dira horrenbeste hildako», azaldu du Errusiako Larrialdietarako Ministerioak komunikatu baten bidez.
SEGURTASUN ESKASA. Errusiako komunikabideen arabera, iazko abenduan isuna jarri zieten egoitzako arduradunei segurtasun neurri eskasak zirela eta. Horiek hala, eta gertatutakoa argitzeko asmoz, Krasnodar eskualdeko Fiskal nagusi Leonid Korzheniukek ikerketa abiatu du, deliturik egon den jakiteko.
Lerro hauek idazteko unean suhiltzaileek hondakinen artean bilaka jarraitzen zuten, nahiz eta iturri ofizialen arabera, ez den gorpu gehiagorik aurkitzea espero. Eskualdeko gobernadore Aleksander Tkatxovek, bestalde, bertan behera utzi du AEB Ameriketako Estatu Batuetara egiten ari zen bidaia ofiziala, eta Errusiara itzuli da, zer gertatu den jakiteko asmoz. Vladimir Putin presidenteak, berriz, gertatutakoa ikertzeko eskatu dio Gobernuari eta Mikhail Fradkov lehen ministroari. «Ahal den guztia egin behar da ikerketa ahalik eta zabalena izan dadin, eta gertakarien zergatia jakin dezagun, neurriak hartu ahal izateko», adierazi du.
Errusiako herritarrentzat albiste txarrez betetako asteburua izan da igaro dena. Joan den larunbatean, Tupolev 134 motako hegazkin batek istripua izan zuen Samara eskualdean. Errusian, tamalez,maiz gertatzen dira halako istripuak.
Errusiako zahar etxe bateko sutean 63 pertsona hil dira
Suhiltzaileek ordubete behar izan dute iristeko, eta adineko gehienak kea arnastuta hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu