Ezohiko goi bilera egingo dute Europako Batasuneko 28 estatu kideetako agintariek eta Ukrainako behin-behineko gobernuko lehen ministroak, Errusiak Krimean soldatuak zabaldu ondoren Ukrainako gatazkaren tentsioa nola baretu aztertzeko.
Ukrainari eman beharreko laguntza ekonomikoaz eta Errusiari isunak jartzeaz ere eztabaidatuko dute. Europako Batzordeak atzo proposatu zuen Kievi bi urtean 11.000 milioi euroko laguntza ekonomikoa ematea. Nolanahi ere, hasi dira neurriak hartzen: Europako bankuetan dituen kontuak blokeatu dizkio Europako Batasunak Viktor Janukovitx Ukrainako presidente ohiari.
Errusia zigortzeaz, "Errusiaren jarreraren eta datozen orduetan egiten dituen urratsen arabera" erabakiko dute; horietako bat izan daiteke nazioarteko behatzaileak onartzea Ukrainan.
Anartean, Krimeako Parlamentuak aho batez erabaki du Errusiara batzea, Krimearen estatusari buruzko erreferenduma martxoaren 16ra aurreratu ondoren. Martxoaren 30ean ziren egitekoak, Sevastopol hiriaren estatusari buruzko galdeketarekin batera, baina bi aste aurreratu dute Krimeari buruzkoa. Bestalde, Donetskeko lurraldeko Parlamentua eta Ukrainako Gobernuak bertan duen ordezkaritza hartu dute Errusiaren aldeko manifestazioa. Bart, bertatik joanarazi dituzte, bonba abisu bat zegoelakoan, baina gaur itzuli dira legebiltzarrera.
Horrez gain, Urmas Paet Estoniako Atzerri ministroak eta Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia buruak izandako elkarrizketa baten filtrazioak harrotu ditu hautsak. Elkarrizketa horretan diote Kieveko Independentzia plazan zeuden frankotiratzaileen atzean oposizioko alderdiak zeudela. Ministroak berak aitortu du filtrazioa egiazkoa dela. 100 lagun inguru hil ziren istiluetan.
Maniobrarik ez
Bestalde, NATOk Errusiarekin egitekoa zuen maniobra bertan behera utzi du, Krimean soldadu errusiarrek tentsioa handitzen dutela iritzita. Horrez gain, maila zibil zein militarrean Errusiarekin biltzeari utziko diola baieztatu du Anders Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusiak. Dena den, "elkarrizketa politikorako atea zabalik" dagoela adierazi du Rasmussenek.
Errusiak Ukrainaren "subiranotasuna eta lurralde osotasuna" arriskuan jartzen jarraitzen du Rasmussenen ustez, baita nazioarteko konpromisoak ere. Horregatik hartu dute erabakia. Gaur hartutako neurriez gain, apirilaren hasieran gehiago ere etorriko dela iragarri du: "Neurriok mezu argia dute: Errusiaren ekintzek ondorioak dituzte".