hegazkin istripua

Errusiara heldu dira larunbateko hegazkin istripuko 144 biktimaren gorpuzkiak

Xarm el-Xeikh-etik San Petersburgora zihoan airekoa. Sinai penintsulan erori zen. Estatu Islamikoaren adar batek bere gain hartu badu ere, agintariek ukatu egin dute erasoa izan dela.

Errusiako hegazkinaren arrastoak. Al-Hasana Egiptoko eskualde menditsuan aurkitu zuten airekoa. EFE
Kristina Berasain Tristan.
2015eko azaroaren 2a
10:22
Entzun

Errusiako hegazkin batek lurra jo zuen larunbatean Egipton. Kogalymavia konpainiako airekoan zihoazen 224 bidaiariak hil egin direla eta inor ez dela bizirik atera ziurtatu dute segurtasun indarrek. Sinai penintsulan erori zen airekoa; Xarm el-Xeikhetik San Petersburgorako hegaldian. Airbus A-321 hegazkina 04:51ean aireratu zen, eta handik 23 minutura erori zen —Pulkovo aireportuan eguerdi partean zen lurreratzekoa—. Egiptoko Abiazio Zibileko Ministerioak jakinarazi duenez, 31.000 oinetara zegoen Errusiako hegazkina radarretik desagertu eta haren arrastoa galdu zutenean. Aurrez, larrialdiko lurreratzea egiteko baimena eskatua zion pilotuak kontrol dorreari.

Al-Arish herriaren hegoaldean aurkitu zituzten hegazkinaren arrastoak, bitan zatituta, toki malkartsu batean, tartean baita kutxa beltzak ere. Lekukoen arabera, lurra jo aurretik su hartu zuen airekoak. Interfax berri agentziaren arabera, hegazkina «txikituta» zegoen. Egiptoko gobernuak, krisi kabinete bat eratu, eta armadako soldaduak eta anbulantziak bidali zituen eskualdera. Al Masry Al Youm egunkariak erreskate taldeetako kide baten lekukotasuna jaso zuen: «Irudia ikaragarria da. Gorpu guztiak erreta daude, eta, tartean haurrak badaude ere, gehienak emakumeak dira».

Hegazkina bitan zatitu zen, eta barruan zihoazen lagun guztiak hil ziren; 217 bidaiariak eta eskifaiaren zazpi kideak. Egiptoko Gobernuak zehaztu du bidarien artean 138 emakume, 62 gizon eta 17 haur zeudela. Jatorria aintzat hartuta, gehienak errusiarrak ziren —214—, tartean hiru ukrainar ere bazeuden. Xarm el-Xeikh kostaldeko hirira oporretan joaten dira turista errusiarrak.


Hipotesien zirimola

Egun osoa denetariko hipotesiak zabaldu baziren ere, badirudi hegazkina istripu baten ondorioz erori zela, arrazoiak oraindik ere zehaztu gabe badaude ere.

Estatu Islamikoaren atentatu bat izan zitekeelako susmoak azkar zabaldu ziren; bereziki, talde islamistaren adar batek komunikatu baten bidez jakinarazi baitzuen bera zela hegazkina erori izanaren erantzulea. Wilayat Sinai Egiptoko adarrak sare sozialen bidez mezu bat helarazi zuen hegazkin bat suntsitu zutela esanez, «barruan 220 gurutzatu errusiar» zituena: «Jakin dezatela errusiarrek eta haien aliatuek ez dagoela segurtasunik haientzat musulmanen lurrean, ezta aire espazioan ere». Ekialde Hurbilean egiten ari diren bonbardaketetan hiltzen ari direnei ere egiten zien erreferentzia. Bideo bat ere zabaldu zuten, hegazkin bat nola jausten den erakusten duena.

Egiptoko eskualde horretan talde islamista aktiboak badaude ere, agintariek ez diote sinesgarritasunik eman ez mezuari eta ez bideoari ere, «zehaztasunik gabekoak» direlakoan. Errusiako eta Egiptoko gobernuek, hortaz, gezurtatu egin dute EIren eraso bat izan dela. Mohamed Samirrek Egiptoko Gobernuaren eledunak eta Maksim Sokolovek Errusiako Garraio ministroak atentatuaren hipotesia baztertu zuten. Ikerketek beren bidea egin dezaten itxaron behar dela ere gaineratu dute, eta proba erabakigarririk ez dagoela esan.

Hainbat hedabideren arabera, arazo tekniko bategatik gertatu bide da istripua. Airbusek adierazi duenez, 56.000 orduz hegan aritutakoa da airekoa, orotara 21.000 hegaldi egindakoa. Oksana Golovin Kogalymavia konpainiako bozeramaileak, berriz, adierazi du ez dagoela zantzurik «giza akats bat» izan dela pentsatzeko. Haren hitzetan, pilotuak 12.000 hegaldi ordu zituen eginak.

Siriako gerra

Beldurra, hala ere, erraz hedatu da. Lufthansa eta Air France aire konpainiek, esaterako,erabaki dute istripuaren arrazoiak argitu arte penintsularen gainetik ez hegan egitea.

Errusia Siriako gerran sartu izanagatik islamisten mendekua izan zitekeela pentsatzera eraman zituen asko. Moskuk irailaren azken egunean ekin zion bonbardaketak egiteari; Siriako Gobernuaren laguntza eskaera onartu eta armadaren aurka borrokan ari diren taldeen kontra ari da. Mendebaldeak, baina, mesfidantza agertu du bere helburuen inguruan; EIri ez eraso egitea ere leporatu diote.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak borrokan «buru-belarri» sartu zirela esan zuen orduan. Atzo bestelakorik egokitu zitzaion. Doluminak eman zizkien hildakoen senitartekoei, eta dolu eguna izendatu du gaurkoa. Errusiak ikerketa abiarazi duela ere adierazi du Kremlinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.