UKRAINAKO KRISIA

Errusiaren "asmo onak" zalantzan jarri ditu Kievek

Bere tropak Ukrainarekiko mugatik erretiratu direla berretsi du Errusiak. Turtxinovek esan du prest dagoela ekialdeko lurraldeetako ordezkariekin hitz egiteko, baina ez "terroristekin".

Errusiako banderak zabaldu dituzte Lugansken. IGOR KOVALENKO / EFE
jon olano
2014ko maiatzaren 8a
07:44
Entzun

"Zoritxarrez, Errusiako presidentearen iragarpena ez zen gauzatu", esan du Yevgueni Perebinis Ukrainako Gobernuaren informazio zuzendariak. "Errusiak lagundu nahi duenaren itxura egin nahi du, baina separatistek ez diote obeditzen", adierazi du. Errusiak, bere aldetik, NATOk eta AEBek tropa errusiarrez esandakoak gezurtatu ditu: Anatoli Antonov Errusiako Defentsa ministrordeak baieztatu du Serguei Shoigu ministerioko titularrak tropen erretiroaren berri eman ziola AEBetako Defentsa ministroari. Era berean, kritikatu egin du NATOk zalantzan jartzea Errusiaren hitza, probarik aurkeztu gabe.

Bitartean, gutxi aldatu dira gauzak Ukrainaren ekialdean. Izatez, Luhansk eta Donetskeko eskualdeetan egin nahi duten erreferenduma atzeratzea eskatu zuen Putinek, baina ezezko erantzuna jaso du. Errusiak, bere aldetik, egoera aztertu behar duela dio: "Lehenengo Kievek adierazi zuen ez zuela bertan behera utziko operazioa. Gero jakin dugu ez direla galdeketak atzeratuko. Informazio gutxi daukagu, azterketa gehigarri bat behar dugu", baieztatu du Dimitri Peskov Vladimir Putin Errusiako presidentearen bozeramaileak. 

"Ukraina hego-ekialdeko ordezkariei eskatzen diegu, federalizazioa babesten dutenei, gibela dezatela maiatzaren 11rako deitutako erreferenduma, elkarrizketarako giro egokia sortzeko", esan zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak.

Donetskeko Herri Errepublikaren kontseilua bildu da, eta erabaki du datorren iganderako deitutako erreferendumaren datari eustea. Luhanskeko errusiazaleen buruzagiek ere erabaki dute erreferenduma ez atzeratzea eta etzidamu egitea.

Artean, Oleksandr Turtxinov Ukrainako behin-behineko presidenteak hitz egin du. Azaldu du prest dagoela ekialdeko probintzietako gobernuetako ordezkariekin hitz egiteko, baina ez "eskuak odolez zikinduta dituzten terroristekin". Ukrainako Defentsa ministro Andrei Parubik, berriz, ohartarazi du matxinatutako errusiazaleen kontrako operazioek jarraituko dutela erreferendumak atzeratzen badituzte ere. Haren esanetan, kontsulta bat egin nahi izatea "iruzur politikoa eta abentura" bat da.

Donetsk eta Luhansk eskualdeetan dute asmoa erreferendumera deitzeko, apirilean aldarrikatutako herri errepubliken onarpenari buruz erabakitzeko. Ukrainako armadak operazio militar bat abian dauka eskualde horietan, erreferendum hori egin ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.