NATOk Errusiarekin egitekoa zuen maniobra bertan behera utzi du, Krimean soldadu errusiarrek tentsioa handitzen dutela iritzita. Horrez gain, maila zibil zein militarrean Errusiarekin biltzeari utziko diola baieztatu du Anders Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusiak. Dena den, "elkarrizketa politikorako atea zabalik" dagoela adierazi du Rasmussenek.
Errusiak Ukrainaren "subiranotasuna eta lurralde osotasuna" arriskuan jartzen jarraitzen du Rasmussenen ustez, baita nazioarteko konpromisoak ere. Horregatik hartu dute erabakia. Gaur hartutako neurriez gain, apirilaren hasieran gehiago ere etorriko dela iragarri du: "Neurriok mezu argia dute: Errusiaren ekintzek ondorioak dituzte".
Siriako armategi kimikoa neutralizatu behar dituen AEBetako itsasontzi bat babestu behar zuen Errusiak. Halaber, adierazi du horrek ez duela esan nahi ez dutenik misio hori gauzatuko; Errusiak ez duela horretan parte hartuko soilik baizik.
Ukraina, "hitz egiteko prest"
"Errusiarekin hitz egiteko prest gaude, eta krisi egoeratik ateratzeko edozein hitzordutan parte hartzeko prest gaude", baieztatu du Andrei Deschitsa Ukrainako atzerri ministroak Parisen. Ukrainak krisitik ateratzeko "bide baketsu guztiak" erabiltzeko asmoa duela adierazi du ministroak, eta ez dutela asmorik Errusiaren aurka "borrokatzeko".
Frantziako eta AEBetako eta Britainia Handiko atzerri ministroekin bildu da Deschitsa, Laurent Fabiusekin, John Kerryrekin eta William Haguerekin. Sergei Lavrov Errusiako atzerri ministroarekin biltzekoa ere bazen, baina Ukrainak Parisen duen enbaxadak adierazi duenez, Lavrovek uko egin dio Deschitsarekin biltzeari. Errusiak ez du hori baieztatu, dena den.
Europako Batzordeak, 11.000 milioiko laguntza
NATOrekin ezohiko bilera egitea onartu du Errusiak, Ukrainako krisiaz hitz egiteko. Ipar Atlantikoko Itunaren aliatuek eta Errusiak jarrera desberdinak dituzte Ukrainako egoeraren inguruan, eta armada bidaltzeko arriskua dela eta, ezohiko bilerara deitu dute.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazi du gaur "oraingoz" ez dela "beharrik" Errusiako armada Ukrainara bidaltzeko, eta oraindik ez du horretarako agindurik eman. Putinen arabera, Ukrainako armada Krimean blokeatua dutenak ez dira Errusiako militarrak, errepublika autonomoko autodefentsa taldeak baizik.
Bilera gehiago egingo dituzte datozen orduetan. Europako Batasuneko buruek goi bilera bat egingo dute bihar Ukrainako egoeraz eztabaidatzeko, eta Europako Batzordeak gaur bertan proposatu du Kievi bi urtean 11.000 milioi euroko laguntza ekonomikoa ematea.
Errusiak, bestalde, Ukrainatik Europa Ekialdeko herrialdeetara erregai nuklearra bidaltzeari utzi egin dio, Dmitri Rogozin lehen monistrordeak jakinarazi duenez. "Hornidura arazoak" argudiatu ditu Moskuk jarioa eteteko.
Berri agentziek zabaldu dutenez, AEBetako presidente Barack Obamak Errusiako presidente Vladimir Putini eskaini dio nazioarteko behatzaileak Ukrainara joatea, bertako errusiazaleen eskubideak babesteko. Errusiako tropak Krimeatik ateratzea eskatu dio trukean.