Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak "oso-oso zail, ia ezinezko" ikusten du Eskozia Erresuma Batutik bananduz gero Europako Batasuneko kide izatea. BBCk eginiko elkarrizketa batean, Durao Barrosok ohartarazi du EBko kide izan nahi duen estatu batek eskaera egin behar duela eta kide guztien oniritzia behar duela.
Espainiaren adibidea jarri du Durao Barrosok; gogorarazi du ez duela Kosovoren independentzia aitortzen, eta Eskoziarekin antzera gerta litekeela uste du. "Ez dut eztabaida demokratiko honetan sartu nahi, baina oso-oso zaila izango da".
Europako Batzordeko bozeramaile Pia Ahrenkildek, ordea, Durao Barrosoren hitzak zuzendu ditu. Esan du batzordeko presidentearen asmoa ez zela "martxan den prozesu demokratikoan sartzea"; Kosovo eta Eskozia alderatu izanaz, Ahrenkildek zehaztu du Durao Barrosok eginiko ez zela "analogia perfektua, balizko zailtasun eta ziurgabetasunen adibide bat" baizik.
Estatu kide, 2016ko martxorako
Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko presidenteordeak Durao Barrosoren hitzak kritikatu ditu, eta Kosovorekiko alderaketa egitea "irrigarritzat" jo du. Oroitarazi dio "berrogei urte" daramatzala Eskoziak EBko kide izaten. Irailaren 18an egingo dute Eskozia estatu independente izateari buruzko erreferenduma, eta, baiezkoa nagusitzekotan, 2016ko martxoan izango litzateke Eskozia estatu independente.
Hain zuzen, Sturgeonek berak gaur esan du 2016ko martxoan egin lezakeela bat Eskoziak Europako Batasunarekin. Azaldu duenez, baiezkoak irabaziz gero, Erresuma Batuarekin eta Europako Batasunarekin elkarrizketan hasiko litzateke Eskozia.
Libera, "britainiarra bezain eskoziarra"
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak ere hitz egin du independentziak izango lukeen eraginaz, Erresuma Batuko Ogasun ministro George Osbornek esan eta gero Eskoziak ezingo lukeela libera erabili. Libera "britainiarra bezain eskoziarra" dela erantzun dio, eta kritikatu Osbornek ezkutatu egin dituela moneta bera ez izatearen arrisku ugari.
Eskoziaren aldeko Enpresak elkarte independentziazalearen aurrean mintzatu da Salmond. Ohartarazi du moneta batasunaren kontra Erresuma Batuak darabilen diskurtsoa "bere aurka" itzultzen ari zaiola, eskoziarren sentimendu abertzalea pizten ari dela uste baitu Salmondek.
"Ezinetik" ahal izatera
Erreferendum horretan egungo inkestak irauli nahian, lanean jarraitzen du Yes Scotland independentziaren aldeko kanpainak. Zer gertatuko litzateke "ezin da" "ahal da" bihurtuz gero? izenburu duen bideoa da kanpaina horren azken alea, eta arrakasta handia izaten ari da sarean.