eskozia

Eskozia independentea izan liteke 2016ko martxoaren 24an

Liburu Zuria aurkeztuko du bihar Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak, Erresuma Batutik bereizteko moduari buruzko xehetasunen dokumentua. Ekonomia, gizarte eta demokrazia argudioak aletuko ditu.

2013ko azaroaren 25a
17:15
Entzun

Independentziaren data zehatza aurreratuz iragarri du Eskoziako Gobernuak esperotako Liburu Zuriaren aurkezpena. Eskozia independentea izango balitz zernolako onurak izango lituzkeen azalduko du bihar Salmondek, eskoziarrek dituzten kezkei eta galderei erantzuteko asmoz. Gobernuak espero du liburuak eztabaida sakona eragitea etorkizuna erabakitzeko eskubidearen gainean. Nicola Sturgeon lehen ministrordearen arabera, independentzia nola aldarrikatuko eta nola negoziatuko litzatekeen azalduko du xehetasunez, eta akordioak nola prestatuko liratekeen, datorren irailean erreferenduma egin eta indepentzia izan arteko trantsizioan.

Jendea kezkatzen duten gaiez hitz egiten du liburuak: "Lanaz, hazkunde ekonomikoaz eta segurtasunaz", lehen ministroak aurreratu duenez. Bihartik aurrera "herritar guztiak Eskozia hobeto eraikitzeari buruzko eztabaidan sartuko" dela uste du. "Arrazoizko proposamenak" egingo dituzte, "jendeak bere kabuz epai ditzan". Erakutsi nahi du "Eskoziako diru kontuak Erresuma Batukoak baino garbiago" daudela.

Liburu mardula da, 670 orrialdetako dokumentua, eta kazetarien aurrean emango ditu haren ildo interesgarrienak,  Glasgowko Zientzia Zentroan. Aurretik bilera egingo du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistako kideekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.