Espainiako Estatuak Eskoziako 2014ko independentzia erreferendumari Europako Batasunean (EB) jar diezaizkiokeen trabei beldurrik ez dietela adierazi du gaur Bruselan Nicola Sturgeon Eskoziako Gobernuko lehen ministrordeak. "Izan ere, Eskozia Europako Batasuneko parte da, eta hala izango da. Ondorioz, independentzia lortuz gero ez da beharrezkoa izango EBn sartzeko eskaera berriro egitea", esan dio Sturgeonek Efe Espainiako berri agentziari.
Duela bi aste Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen Espainiako agintariak kezkatuta daudela Eskoziako erreferendumarekin eta balizko independentziarekin, The Independent egunkariak argitaratu zuenez. Erresuma Batuko agintariek adierazi dute Eskozia independentea EBn sartzea oztopatzen saiatuko litzatekeela Madril. Espainiak ukatu egin zuen.
Sturgeon Eskoziako gobernukideak gaur aipatu du Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroari entzun diola aipatutako galdeketa eskoziarren gaia dela, ez duela ezer ikustekorik beste kasu batzuekin. Ados azaldu da horrekin Sturgeon, eta gaineratu du eurek ez dutela Europako beste herri batzuen erreferentzia izateko asmorik. Aldiz, herri horiek Eskozia eredu gisa hartzen badute, eurek horren aurrean ezin dutela ezer egin esan du Sturgeonek.
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak urtarrilaren 25ean iragarri zuen 2014ko udazkenean egingo dutela independentziari buruzko galdeketa. "Eskozia herrialde independentea izatearekin ados al zaude?", galdetuko die gobernuak eskoziarrei.